'Angula ustelak' hitzaldia, Ibarran, maiatzaren 2an

Ataria 2018ko apirilaren 26a

Gipuzkoa Zutik-ek antolatutako 'Angula ustelak' hitzaldia iritsiko da maiatzaren 2an, asteazkena, Ibarrara. Ainhoa Intxaurrandieta eta Igor Meltxor kazetaria izango dira kultur etxean, 19:00etatik aurrera.

Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kasua jendarteratzeko Euskal Herriko 40 bat herritan ari dira hitzaldiak eskaintzen. Irailean epaituko dituzte Ainhoa Intxaurrandieta, aurreko legealdian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria izandakoa eta Iñaki Errazkin, garai horretan Ingurumen diputatua zena. 2013. urteko azaroan Zubietako erraustegiko lanak gelditzeko GHK-k, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta enpresa eraikitzaileek akordio historikoa sinatu zuten. Erabaki horrengatik zigortu nahi dituzte eta ondasun pertsonaletatik 100 milioi euro eskatzen dizkiete.

Hitzaldietan erraustegiaren kasuko gertakizun zehatzak izaten dituzte hizpide; ustelkeriarekin lotutako gertakizunak, lapurtutako ordenagailuaren eta suntsitutako dokumentazio kasuak, bankuekin egindako tratua... 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!