Ibarrako ikasleek habiak eraikitzen ikasi dute

Ataria 2018ko apirilaren 23a

Uzturpe ikastolako LH 6. mailako ikasleek txori espezie desberdinen ezaugarriak ikasteko aukera izan dute Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik.

Txori habiak eraikitzen eta kokatzen ikasteko tailerra jaso zuten pasa den astean, Uzturpe ikastolako LH 6. mailako ikasleek. Aranzadi Zientzia Elkarteak eskaini zuen tailerra, Ibarrako Udalak gonbidatuta, eta guztira 10 habi eraiki eta jarri zituzten. Era berean, txori espezie ezberdinen ezaugarriak ikasteko aukera ere izan zuten.

Aranzadik esandakoaren arabera, zenbait hegazti motaren populazioaren beherakada eman da azken hamarkadan eta "atzerapauso garrantzitsu eta kezkagarria" dela dio zientzia elkarteak. Galera hori habitataren degradazioaren ondorioz eman da; mozketa ugariak, pestizidak, baimenik gabeko ehiza... Izan ere, basoan bizi diren hainbat espeziek zuhaitz zahar eta handiak behar dituzte habiak egiteko, eta mozketen ondorioz zailtasunak dituzte habientzat leku aproposak aurkitzeko. Uzturpe ikastolako gazteek jarritako habiekin espezie horien berreskurapenean lagunduko dute.

Ibarrako Udaleko Ingurumen, Merkataritza eta Nekazaritza teknikariak esan duenez, habien jarraipena egingo dute eta hurrengo hitzordua ekainaren hasieran izango dute. Besteak beste, euren ohiturak zeintzuk diren ezagutu ahal izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!