'Ataria'-ren urtebeteko harpidetza, euskara ikasteko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 18a, 11:13

Ibarrako Udalak laugarren urtez ordainduko die urtebeteko kuota euskara ikasten ari diren herritarrei; 32 dira ekimenarekin bat egin duten ibartarrak.

Ibarrako Udalak ATARIA-ko urtebeteko harpidetza ordainduko die euskara ikasten ari diren ibartarrei laugarren urtez. Aurten bada berrikuntzarik gainera, orain arte Aitzol udal euskaltegian ikasten zutenei irekitako egitasmoa zen eta orain deialdia zabaldu eta beste edozein lekutan ikasten ari direnei ere ordainduko diete harpidetza. «Aurten inoizko kopururik altuena dugu, 32 harpidetza egingo baititugu», esan du Tomas Ugaldebere euskara teknikariak.

Ekimenaren garrantziaz hitz egin du Ugaldeberek: «Euskara ikastea doakoa izan behar duela uste dugu eta era berean, ari diren horiei baliabideak eman behar zaizkie. Euskararen mundua gerturatu behar zaie eta ATARIA oso baliagarria da horretarako. Euskaltegian praktikatzen duten hori eta testuetan ikusten duten hori, eguneroko testuetara ekarri ahal dute ATARIA-ri esker». Ekimenak euskara kalera ateratzeko bidea irekitzen duela ere uste du teknikariak. «Euskara ez da eskolan edo euskaltegian ikasten duten hori bakarrik, egunerokoan ikusten den zerbait da, egunerokorako balio du, eta horren aldeko apustua egin du udalak», esan du.

Era berean, euskarazko komunikabideak indartzeko baliatu nahi izan du apustua Ibarrako Udalak: «ATARIA indartzeko aukera ere ematen du honek». Ugaldeberek esan duenez, aurreko urteetan harpidetza jaso duten hainbat pertsonen iritziak jasotzeko aukera izan dute eta oso balorazio ona egin dutela esan du. «Mintzalagun taldeetan ikasle askok erabiltzen dute ATARIA. Albisteak irakurri eta solasteko erabili izan dute, oso interesgarria da hori. Herritarren bat edo bestek ere idatzi digu eskerrak emanez, esperientzia positiboa izan delako, eta gu ere oso pozik gaude», argitu du.

Ez da hori dena den, udalak euskararen alde egiten duen apustu bakarra. Auzoko programa aipatu du teknikariak, horien artean. «Auzoko programak euskara ez dakien oro euskara dakienarekin elkartzeko aukera ematen du. Mintzalagun antzeko bat da, baina hastapeneko pausoetatik hasita», esan du. Era berean, Galtzaundi euskara taldearekin batera, Mintzalaguna sustatzen laguntzen du.

IKASTEN LAGUNTZEKO

Euskara ikasten ari direnei laguntzeko bide horretan bi urte dira jada udalak %100eko laguntza ematen diela horretan ari diren ibartar guztiei. «Oso emaitza positiboak eman ditu eta geroz eta jende gehiago animatzen da ikastera».

Euskaraldia ere aipatu du euskara teknikariak, talde eragilea sortzen ari dira eta euskararen erabileraren sustapenera begira jarriko da.

Izan ere, Galtzaundik, Uemak eta Euskararen Klusterrak egindako azterketako datuek diote Ibarran euskararen erabilerak behera egin duela, eta kezkatuta daude. «Datuak ez dira oso positiboak izan. Herritarren erdiak, %48,10ak, erabiltzen du euskara kalean eta ezagutza %72koa da, salto handia dago hor. Orain arte erabileran beti egon gara %50etik gora, 2016ean %56koa zen datua, hor eragin behar dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!