Txiribituzaleen topaketa

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 13a, 10:08
20. urteurrena dela eta egindako ekitaldietako bat.

Ibarrako Txiribitu aisialdi taldearen eguna ospatuko dute bihar, plazan, 25. urteurrenaren harira.

Ibarrako Txiribitu aisialdi taldeak bere eguna ospatuko du bihar. Plazan egingo dituzte ekitaldi guztiak eta belaunaldien arteko harremana sustatzeko egiten duten lanaren erakusle izango da, izan ere, bertan bilduko dira 25 urte hauetan Txiribitutik pasa diren hainbat begirale eta gazte.

Eguna haurrentzako puzgarriekin hasiko dute eta eguerdian, pintxo lehiaketa egingo dute. «Lehiaketan haur zein helduek hartu dezakete parte eta parte hartzeko modua ere irekia da; banaka, binaka edo taldeka egin daiteke», esan du duela sei urtetik begirale den Izaskun Urrestarazuk. Zubiaurre tabernan eman behar da izena. Txiribituk sua jarriko du eta parte hartzaileek nahi adina produktu eman ahalko dituzte.

Bazkaria ere egingo dute, plazan bertan, eta eguna borobiltzeko ekitaldia eta Errukirik Gabe taldearen kontzertua izango dituzte. Hori bai, begiraleek festa luzatuko dute eta begirale ohiekin batera afaria ere egingo dute. Urrestarazuk esan duenez 40 bat elkartuko dira.

Asko dira 25 urte hauetan Txiribitutik pasa diren ibartarrak eta urteurren borobilarekin batera elkartu eta zerbait egiteko gogotik atera da biharko eguna. «20 bat begirale gara eta 100 bat gazte. LH 5etik DBH 4ra bitarteko gazteek hartzen dute parte eta urtean zehar hainbat ekitaldi egiten ditugu. Larunbatetan taldeka banatuta biltzen gara eta urtean bi merienda ere egiten ditugu adin guztietako gazteak elkartuta. Ekainean ere elkartzen gara eta irteera bat egiten dugu, baina aurten urteurreneko Txiribitu Eguna dela eta, ez dugu egingo», esan du.

Udalekuak ere egiten dituzte, 22 urte dira egiten dituztela. Aurten uztailak 31tik abuztuak 11ra egingo dituzte eta Agurainera joango dira. «Gutxi gorabehera 80 bat gaztek hartzen dute parte eta oso ondo pasatzen dugu, bultzatu nahi ditugun balore horiek sustatzeko oso baliagarriak dira udalekuak», azaldu du begiraleak.

«Helburuak natura, euskara eta belaunaldien arteko harremanak sustatzea dira, baita ibartar izatearen sentimendu hori ere. Gazte asko biltzen gara eta oso harreman ona dugu. Txikienek eskertzen dituzte, batez ere, egiten ditugun ekintzak», esan du. «Niri pertsonalki asko eman dit Txiribituk. Gizarte hezitzailea naiz eta taldeari esker gazteekin dudan harreman horrek asko eman dit», gaineratu du Urrestarazuk.

EGITARAUA

APIRILAK 14, LARUNBATA

  • 10:00. Puzgarriak, plazan.
  • 12:00. Pintxo lehiaketa.
  • 14:30. Bazkaria.
  • Ondoren. Ekitaldia eta Errukirik Gabe musika taldearen kontzertua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!