Langileak eta alorretako mahaiak, datozen hilabeteetako apustuak

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 12a, 09:41

Gai zehatzei lotutako lan mahaiak osatzeari garrantzia ematen diote Ibarran; hiru sortu dituzte jada, eta gazteria eta etxebizitza gaiak modu horretara lantzeko asmoa du udalak.

Langileei begirako aurrekontua ondu du Ibarrako Udalak, eta horrekin lotuta alorretako mahaiak indartu edo sortuko dituzte. Aurki informatikari bat kontratatuko dute. «Udalaren behar informatikoak eta administrazio elektronikoari begirakoak aldatu dira eta informatikari bat behar dugu», esan du Mikel Agirrezabala alkateak.

Ez da hori kontratazio bakarra izango. Urteak dira udalak udaltzaingoa sortzeko apustua egin zuela eta horri tiraka, apustua borobilduko dute irailean. Bi udaltzain kontratatuko dituzte eta prozesua abian da jada. Izen ematea zabaldu zuten eta maiatzean egingo dituzte oposaketak. Kontratazio horiek suposatuko duten diru kopuruari, udaleko bi langileren aurretiazko erretiroaren kalteordaina gehitu diote. Urteak dira hala ere, aldaketa horrek suposatuko duen diru kopuruari aurre egiteko lanean hasi zirela. «Diru guztia kolpetik jarri ordez, urtero-urtero ari gara ekarpena egiten, eta aurten egingo dugu ezarpena, urte bukaerarako bi udaltzainak lanean izango dira jada», azaldu du.

Udaltzainen eta informatikariaren kontratazioei, gazteei begirakoa ere gehituko diote. «Gaztematikaren barruan, Gaztezulon, orain arte bi langile egon dira, jardunaldi erdian, eta beste langile bat gehituko zaio lantaldeari. Koordinazioan ariko da eta jardunaldi osoko kontratua izango du. Langile berri honekin zerbitzuak beste bolumen bat hartuko du eta beste eragileekin elkarlana areagotuko da», esan du alkateak. 40.000 euro aurreikusi dituzte zeregin horretarako.

Azken kontratazioa piperraren inguruan sortutako mahaiaren karietara egin dute. Piperraren mahaiak ekoizleak, ostalariak eta orokorrean, herritarrak biltzea du helburu. Partaideak urtean bitan elkartuko dira gutxienez, eta mahaia sortu ahal izateko eta dokumentazio lana egiteko pertsona bat kontratatu dute. 17.000 euro bideratu dituzte horretara, eta beste 20.000 euro pertsona horrek egingo duen liburua diseinatu eta argitaratzera. Urte bukaerarako egongo da prest. Gogoratu behar da, era berean, berdintasun teknikari bat kontratatu zutela iaz, eta mantenduko dutela.

Kontratazioak edo giza baliabideak dira, hortaz, Ibarrako Udalaren aurtengo apustuetako bat, baina horiek alorretako mahaiekin dute zerikusia. «Alorretako mahaietara goaz, hor dago indargunea, guztion artean eragin behar dugu», esan du Agirrezabalak. Horiek horrela, piperraren, euskararen eta berdintasunaren mahaiak osatu dituztela gogoratu du alkateak, eta gazteriaren eta etxebizitzaren inguruak sortu bidean daudela nabarmendu du.

HAINBAT LAN

Aurrekontuan aurreikusi dituzten lanen artean daude herriko berdeguneak mantentzeko eta lorezaintza sustatzeko partida eta herriko barandak berritzekoa ere. «Oso egoera kaskarrean daude eta gehiagora joan aurretik berrituko ditugu».

Bestetik, argiteria berritzen jarraituko dute. 60.000 euro bideratuko dituzte horretara. «Auditoria bat egiten ari gara nola egin erabakitzeko. Aldaketa handia izango da». Era berean, Egi eraikineko argiteria berritzeko 40.000 euro izango dituzte.

Emeterio Arreseko 4 eta 10 zenbakien arteko urbanizazioa berritzeko 95.000 euro gorde dituzte: «Urbanizazioa zaharkitua geratu da, koska asko daude, irisgarritasun arazoak... horiek konpontzeko garaia da, zonaldea eraberrituz».

Uzturpe ikastolako eraikina berritzeko, aldiz, 40.000 euro bideratuko dituzte. «Oraindik ez dakigu zehazki zer egingo dugun. Ikastolarekin dugun hitzarmenaren barruan hainbat lan ezin dira diruz lagundu... eta beraz, negoziaketetan ari gara. Baina eraikina berritzeko izango da behintzat». Horiez gain, irisgarritasun arazo zehatzak konpontzeko asmoa ere badu udalak. Eta iaz egindako hainbat apusturekin jarraituko dute: euskaraz ikasi nahi duten ibartarrei doan egiteko aukera emango diete, Euskaraldia babestuko dute, Izaskunen frontoia egiteko lanean jarraituko dute... Diru laguntzak ere mantendu dituzte; besteak beste, kiroletara bideratutakoetara 55.000 euro gorde dituzte eta garapen bidean dauden herrialdeei zuzentzeko 45.000 euro. «Orokorrean, diru laguntza guztiak mantendu ditugu eta beharren arabera, igotzeko aurreikuspena ere badugu». Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko laguntzak igo dituztela ere nabarmendu du alkateak, 5.150 euroko partida gorde dute.

GERAKINA

2017ko kontuak ixten ari dira orain, eta gerakina ere izango dute. Gerakineko kopurua garrantzitsua da, oraindik erabat zehaztu ezin badezakete ere, eta zor pixka bat kentzeko probestuko dute aukera, batetik, eta hainbat lan egiteko, bestetik.

«Zorra kendu eta gero, geratzen den diruarekin hainbat proiektu gauzatzeko asmoa dugu. Kiroldegiko irazgaizte lanak egin nahi ditugu, hezetasun arazo asko baitaude bertan. Horretarako 95.000 euro behar dira. Euskal Herria 45-47 zenbakien artean dagoen haur parkea ere berritu nahi dugu eta haurtzaindegian ere hainbat lan egin behar dira, bai barruan eta bai kanpoaldean ere. Gaztematikarekin batera beste proiektu bat ere badugu. Nerabeek eskatuta kiroldegi atzealdean bizikletetarako zirkuitu bat osatu nahi dugu», esan du Mikel Agirrezabalak.


KOPURUAK

Aurrekontua. 4.824.561,60 euro.

Diru laguntzak. Besteak beste, kirolari lotutakoak egiteko 55.000 euro gorde dituzte eta garapen bidean dauden herrialdeei emateko 45.000 euro.

Argiteria. Herriko argiteraia berritzeko 60.000 euro eta Egi eraikineko argiteria berritzeko 40.000 euro.

Urbanizazioa. Emeterio Arreseko 4-10 urbanizazioa berritzeko 95.000 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!