Ibarrako Udalak hitzarmen duin bat sinatu dezala eskatu dio Asuncioni

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 28a, 14:44

Ibarrako Udalak osoko bilkura egin zuen atzo, eta bertan hiru mozio eztabaidatu zituzten. Asuncion klinikari buruzkoa eta Katalunian eman diren azken atxiloketen ingurukoa onartu zituen udalbatza osoak, eta Duintasuna pentsiodunen eta Bizi Nahi elkarteek aurkeztutakoa onartua izan bazen ere, EAJ abstenitu egin zen eta beste mozio bat sartzekotan geratu zen.

Hiru izan ziren atzoko Ibarrako osoko bilkuran hizketagai izan zituen mozioak. Batetik, Asuncion klinikari buruzkoa eztabaidatu zuten. Mozioa Invizako enpresa batzordeak sartu zuen eta alderdi guztiek eman zuten aldeko botoa. Horiek horrela, enpresari hitzarmen duin bat sinatu dezala eskatzea onartu zuen udalbatzak. Baita herritarrek jarritako diruaren jarraipen zehatz bat egitea ere "kalitatezko osasun zerbitzu bat eta lan baldintza egokiak berretsiko dituena". Horri lotuta Tolosaldean kalitatezko osasun publikoa, doakoa, unibertsala eta gainontzeko eskualdeetako bera izatea eskatu zuten. Udalak Osasun sailarekin dagoen hitzarmena beteko dela berma dezala jasotzen du mozioak ere.

Bestetik, Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Duintasuna eta Bizi Nahi elkarteek aurkeztutako mozioa eztabaidatu zuten. Onartua izan zen, baina EAJ abstenitu egin zen eta gaiaren inguruko beste mozio bat sartuko duela esan zuen. Udalak pentsioen 0,25eko igoera "ziztrina" dela onartu zuen eta pentsiodunen eros ahalmenari eutsi behar diotela eskatu zuen. Era berean, 1.080 euroko gutxiengo pentsioa ezartzearen alde egin zuen, eta hori "gauzagarria ez den bitartean" Eusko Jaurlaritzari kopurura heltzeko kopuru osagarria ezarri dezala eskatu zioten. Euskal Herriko Babes eta Gizarte Segurantza Sistema ezar dadila ere eskatu zuten, "gero eta pertsona adindun gehiagoren pentsio publikoak eta behar dituzten zaintzak berma daitezen". Bukatzeko 2019an ezarri beharko litzatekeen jasangarritasun faktorearen ezarpena arbuia dadila eskatu zuten, "zeinak gure pentsioei murrizketa berria eta handia ekarriko dien".

Azken mozioa Kataluniako atxiloketei buruzkoa izan zen eta alderdi guztiek babestu zuten. Jordi Turull, Carme Forcadell, Raül Romeva, Josep Rull, Dolors Bassa eta Carles Puigdemonten atxiloketak arbuiatu zituzten "erabaki horrek oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen dituelako". Atxiloketa eta kartzelaratzeak arrazoi politikoengatik egin dituztela onartu zuten alderdiek eta Estatu Espainolari eskatu "oinarrizko askatasunen aurkako estrategia errepresiboa bertan behera utzi dezala demokraziaren funtsezko printzipioen kontrakoa izateagatik". Bukatzeko atxilotuen askatasuna eskatu zuten eta Kataluniak, Euskal Herriak eta munduko gainerako herriek bere etorkizun politikoa erabakitzeko zilegitasun demokratikoa dutela esan zuen udalbatzak, "muga herritarrek demokratikoki adierazi eta erabakitzen dutena izan behar duelarik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!