Urtean bitan bilduko da piperraren mahai sortu berria

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 27a, 08:00

Besteak beste, Ibarrako ekoizleek osatutako piperraren mahaia osatu dute; lan egiteko lantaldeak osatuko dituzte eta herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte.

Pasa den astean bildu zen lehen aldiz Ibarrako piperraren mahaia. Mahaian ekoizleak daude, eta baita 789 taldea ere, baina bilgune irekia izatea du helburu, eta, beraz, herritarrei irekita dagoela esan du Mikel Agirrezabala alkateak. Asmoa urtean bitan biltzea da eta baita lantaldeak osatzea ere: ekoizleena, irakaskuntza eta transmisioa landuko duena, azokak eta zabalkundeaz ariko dena eta komertzio zein tabernariak bilduko dituena.

Piperraren mahaiaren helburuak dira, batetik, piperraren inguruko lanketak egitea eta, bestetik, Ibarra piperraren hiriburu bezala indartzea.

Mahai irekia izanda herritarren ideiak biltzeko deialdi bat egitea aurreikusi dute eta baita Uzturpe ikastolarekin landaketak egitea, piper bilketaren festa egitea edo beste jardunaldi batzuk egitea ere. Era berean, piperraren inguruko kohesio soziala eta herritarrek ibartar izatearen harrotasuna sustatu nahi dituzte. «Piperraren ospea ere indartu nahi dugu, eta baita ekonomia dinamizatzea ere, ekoizleak, merkatariak eta tabernariak bertan kokatuz», esan zuen alkateak mahaia osatzeko ekitaldian.


LIBURUA, URTE BUKAERAN

Ez da hori, dena den, piperraren bueltan lantzen ari diren proiektu bakarra, dokumentatze lana ere egiten ari baita udala. Lan hori Ibarrako Josu Ozaita antropologoa ari da egiten eta liburu bat ere prestatutako du.

Mahaia osatzeko ekitaldian izan zen Ozaita eta esan zuen liburuaren helburua dela piperrak hainbat alorretan izan duen garrantzia ikusaraztea. «Zerbait freskoa» egin nahi duela esan zuen, irakurterraza izango dena eta irudiak ere bilduko dituena. Besteak beste, Ibarrarako piperraren historia bilduko du liburuak, piperrak herriaren nortasunean duen garrantzia, baratzeen inguruko informazioa eta 789 elkartearen ekarpena, besteak beste. Asmoa urtea bukatu aurretik aurkeztea dela aurreratu zuen Ozaitak.

789 elkartearen inguruan ere egin zuen aipamenik alkateak. Esker oneko hitzak izan zituen. «Akuilu lana egin digute eta proiektu honetan sinesten lagundu digute», esan zuen Agirrezabalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!