Lauburu Ibarrak liga irabazi du

Ataria 2018ko mar. 24a, 11:19

Idiazabalen aurka berdinketa nahikoa zuen Gipuzkoako txapeldun geratzeko. 0-1 galtzen hasi ziren ibartarrak, baina 3-1 amaitu zuten partida. Maider Lopezen hirugarren gola ikusgarria izan zen.

Gipuzkoako Liga amaitzeko bi jardunaldi falta zaizkio Lauburu Ibarrari. 6 puntu izango ditu jokoan, beraz. Atzo, Ibarrako Belabieta kiroldegian, bigarren sailkatua 7 puntura utzi zuen, 3-1 mendean hartuta. Ondorioz, Lauburu Ibarrak Gipuzkoako Liga irabazi du.

Partida erabakigarria zen, eta ohi baino ikusle gehiago gerturatu zen Belabietako harmailetara. Urduritasuna eragin zien horrek lehen zatian etxekoei, eta markagailuan atzetik iritsi ziren atsedenaldira. Idiazabalek talde lan bikaina egin zuen, eta kantxan nagusi izan ziren sailkapen nagusiko bigarrenak. Bigarren zatia hasi eta berehala, ordea, Lauburuk berdinketaren gola lortu zuen. Jokaldi horretan, kanpokoen atezainak min hartu eta partida utzi beharrean izan zen.

Berdinketarekin ibartarrak txapeldun ziren, baina gehiago nahi zuten, eta hor iritsi zen bigarren gola. Hala eta guztiz ere goierritarrek ez zuten etsi, eta baloia ederki mugituz berdinketa lortzeko aukera izan zuten area kanpotik egindako jaurtiketa batean. Berdinketa lortuz gero gauzak asko estutuko zirela ageria zen, aurkaria futbol ederra jokatzen ari baitzen. Lasaitasunaren gola behar zuen Lauburuk, eta Maider Lopezen arte lana agertu zen une horretan. Lopezek bere zelaian lapurtu zuen baloia, zelai erdiko marra zeharkatzean burua altxa eta atezaina aurreraturik ikusi zuen; baloia loratu eta... sekulako gola eta sekulako ospakizuna.

Gipuzkoako Liga irabazi ondoren Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute sailkapen nagusiko lehen lau talderen artean. Hori irabazten duenak Euskadiko Txapelketako jokatzeko txartela lortuko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!