Denbora-pasa hutsa baino askoz gehiago, Ibarran, Pazko Asterako

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 22a, 08:29

Ibarrako kultur etxeak lau emanaldi antolatu ditu apirilaren 3tik 6ra; 0 eta 10 urte bitarteko haurrek jolasaren bidez ikasi ahal izango dute.

Ibarrako kultur etxeak 0 eta 10 urte arteko haur eta gazteei zuzendutako lau ikuskizun hartuko ditu apirilaren 3tik 6ra. Guztiak 17:00etan hasiko dira eta haurrek guztiekin ikasi ahal izango dute.

Apirilaren 3an Apika taldeak Haur jolasa izeneko ipuin-saio antzeztua eskainiko du. 4 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago eta Bakar eta Bikar izango dira protagonistak. Bi pertsonaiek bi multzotan banatu beharko dituzte pilatutako hainbat jostailu eta horrela konturatuko dira jostailu batzuk mutilei zuzenduta egiten dituztela eta beste batzuk neskei zuzenduta. Hortik abiatuta galdera bat egingo diete haurrei: Denok jolasten badugu askoz hobeto, ezta?

Apirilaren 4an txotxongiloek hartuko dute kultur etxea. Pantzart taldeak Plisti-Plasta ekarriko dute Ibarrara. 0 eta 3 urte arteko haurrei zuzendutako emanaldia eskainiko dute. Kveta Pacowska pintore, eskultore eta ilustratzaile txekiarraren ilustrazioetan oinarritutako eszenatokitik, txotxongiloak, pailazoak eta koloretako ilargiak azaldu eta desagertuko dira, eta bizia hartuko duten marrazkiak ere egingo dituzte. Xaboi burbuilekin ere egingo dute jolas.

Apirilaren 5ean Lankuren Kutxaka. Ipuinak eta marrazkiak emanaldia egongo da 5 eta 10 urte arteko gazteentzat. Beatriz Egizabal eta Cesar Marcosen laguntzarekin buruan biraka ditugun ipuin, elezahar eta istorioekin jolasean ibiliko dira ikusleak, ikusle soil izatetik, parte hartzaile izatera pasatuz.

Apirilaren 6an izango da azken emanaldia. Rosa ipuinen lurraldean eskainiko du Rosa Martinezek, 3 urtetik gorako haurrentzat. 1949. urteko Bugs Bunny in Storyland marrazki bizidun klasiko eta ospetsuan oinarritutako lana da Rosa ipuinen lurraldean. Rosa Martinezek berak esandakoaren arabera, proposamen hezigarria da eskainiko duena, elebiduna, eta arin zein jostagarria. Ikusleek lagunduko diote istorioko egoera batetik bestera joaten eta dantza zein abesti alaiekin parte hartzea sustatu nahi izaten du txotxongilolariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!