Ibarrako Udalak arrakastatsutzat jo du Martxoaren 8ko mobilizazioa

Ataria 2018ko martxoaren 14a

Ibarrako Kaxkubi taldeak deituta giza katea egin zen; egun horretako aldarria egunerokoan txertatu beharraz hitz egin du. 

Pasa den Martxoaren 8ak aho-zapore ona utzi zuen Ibarran. Kaxkubi emakume taldeak deituta eta udalak babestuta, giza katea egin zen plazatik abiatuta, herri sarreraraino, eta oso jendetsua izan zen. Hori dela eta, pozik azaldu da udala: «Mugimendu feminista anitza eta belaunaldiartekoa dela ikusarazi zen eta jendartearentzat orokorrean, egun historikoa izan dela pentsatzeko hainbat arrazoi ditugu herrian zein nazio mailan lortutako mugimendu arrakastatsuagatik».

Herritarrek modu zabalean babestu zuten mugimendu feministaren greba deialdia eta mobilizazioekin egin zuten bat, modu batera eta bestera. Horrek aurrera jarraitzeko hauspoa ematen duela dio udalak. «Honek emandako indarrarekin, aurrera begira lanean jarraituko dugu, herri mugimenduarekin batera, aurreko ostegunean salatzen eta aldarrikatzen genuena egunero eginez. Herri eta Euskal Herri feministarako ibilbidean pauso bat gehiago emateko balio izan du honek guztiak. Beraz, jarrai dezagun elkarrekin pausuak emanez».
Martxoaren 8aren bueltan giza katea ez da herrian antolatutako ekitaldi bakarra, bihar, martxoak 15,  19:30etik aurrera kultur etxean Ezpain gorriak helduentzako ipuin kontaketa egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!