Ibarrako tiralariek hiru domina lortu dituzte Txinan

Ataria 2018ko martxoaren 9a

Egunotan goma gaineko sokatirako Munduko Txapelketa ari da jokatzen Txinako Xuzhoun, eta Ibarrako tiralariak bertan dira. Brontzezko hiru domina lortu dituzte gaur.

Emakumezkoek lortu dute eguneko lehen domina. 540 kiloko mailan izan da, eta hori gutxi balitz, podiuma euskal taldeek osatu dute bere osotasunean. Laukizko Gatedi izan da onena, finalean Gasteizko Badaiotz garaituta. Ibartarrek hirugarren egin dute, etxeko taldeari irabazi ostean.

Gizonezkoen artean, Irlanda izan da txapeldun; Eskozia bigarren izan da, eta Ibarrak hirugarren postua lortu du, 600 kilokoan. Hirugarren domina maila mistoan lortu dute ibartarrek.

Pozarren zen Eugenio Lopetegi, Sokatira taldeko lehendakaria: "Emaitza hauek erakusten dute Euskal Herrian maila altua dagoela. Horrelako txapelketetan domina lortzea oso zaila da, eta egin dutena meritu handikoa da", azaldu dio TOLOSALDEKO ATARIAri.

Bihartik aurrera, nazioartekoa

Kluben arteko lehia alde batera utzita, asteburuan, nazioarteko txapelketari emango zaio hasiera. Ibarrako tiralariek Euskal Herriaren izenean lehiatuko dute, 3 probatan.

680 kilokoan, Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen Ibarrak, eta Txinan jokatzeko txartela eskuratu zuen. 640 eta 600 kilokoan, berriz, txapeldunorde izan ziren moreak, baina txapeldunek uko egin zioten lehiatzeari eta ibartarrek hartuko dute euren lekua. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!