Vendetta taldeak eszenatokiak utziko ditu 2018 amaieran

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 9a, 12:17

Vendetta taldeak bere agurra iragarri du sare sozialetan. «Naturaltasun osoz, geure bizitzek ibilbide ezberdinak hartu dituzte eta agur esateko unea heldu zaigu», adierazi dute. Enrike Rubiños ibartarra da taldeko bateriajolea.

10 urteko ibilbidearen ondoren, Sakanako taldeak eszenatokiak uzteko erabakia hartu du. Denbora horretan, bost disko argitaratu ditu.

Urte amaieran emango du azken kontzertua taldeak, eta ordura arte hainbat kontzertu iragarri dituzte. Datorren asteburuan hitzordu bikoitza izango da Donostian (martxoak 15 eta 16), eta hilaren 17an Gasteizen izango dira. Martxoaren 24an Iruñean izango dira, eta hilabete beranduago, apirilaren 21ean, Bilbon. Tartean, Katalunian, Madrilen edota Salamancan ere izango dira.

Hauxe da sare sozialetan argitaratu duten agur mezua:

Berri oso garrantzitsu bat dugu zuentzat. Bizitzan, liburuetan bezalaxe, orriak pasa behar dira. Eta guretzat beste bat pasatzeko garaia heldu da. Badakigu denak hasiera bat eta amaiera bat duela. Gauza garrantzitsu ororen amaieran bezala, guzti honek tristura puntu bat du atzean utziko dugun guztiagatik. Baina asebetetze sentsazio handia ere bizitakoagatik eta ilusio handia etorriko denarengatik. Naturaltasun osoz, geure bizitzek ibilbide ezberdinak hartu dituzte eta agur esateko unea heldu zaigu.

Taldea gozatzeko eta gozarazteko intentzioz jaio zen. Hamar urte, bost disko eta ehundaka kontzerturen ondoren, lortu dugunaren sentsazioa dugu. Ikaragarri gainera! Lagun izateari sekula utziko ez dieten bost kideok eskerrak eman nahi dizkizuegu Vendetta bezain handia den zerbait sortu izanagatik.

Ez genuke asko luzatu nahi. Ez ditugu agurrak maite. Hala ere zera esan nahi genuke: Guzti hau denon artean lortu dugu: Zuek, crew osoa eta taldea. Goza dezagun topera 2018 hau eta amaitu dezagun aro hau merezi duen bezalaxe: Abesti bakoitzean arima askatuz.

FAMILIA HANDI BAT SORTU DUGU. MAITATUAK SENTITZEN GARA. EZIN DUGU GEHIAGO ESKATU. BETIRAKO. MAITE ZAITUZTEGU.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!