Joxe Agustin Arrietak uko egin dio Ibarrako zinegotzi karguari

Ataria 2018ko otsailaren 28a

Asteleheneko ez ohiko osoko bilkuran izendatu zuten zinegotzi; beste ardura bat ere hartu behar duela eta, uztea erabaki du.

Ibarrako asteleheneko ez ohiko osoko bilkuran Joxe Agustin Arrieta (EAJ) izendatu zuten zinegotzi, urtarrila hasieran zendu zen Cristina Goyaren lekua hartuz. Arrietak, ordea, ohar baten bidez jakinarazi du uko egin diola izendapenari. «Hemendik aste batzuetara Gipuzkoako Jubilatuen lehendakari izendatuko naute eta lan hori txukun egiteko zaila zait bi ardurak bateratzea», esan du.

Arrietak azaldu duenez, AGIJUPENS elkarteko lehendakari lanak «konpromisoa, erabateko ardura eta ilusioa» eskatuko dizkio, eta zinegotzi eta lehendakari lanak batera eramatea «zaila» izango da. «Nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet nigan konfiantza jarri duten guztiei, eta nire esker ona eta miresmena azaldu nahi diot Ibarrari eta Ibarrako udalbatzari, jaso dudan arreta eta babesarengatik», azaldu du.

«Lotsaturik» dagoela ere esan du Arrietak, «berriro nire bizitza hirugarren adineko jendearen aldeko konpromisoa hartzen dut», esan du. «65 urteetara iritsi naiz eta nahiago dut ausardiaz eta ilusioz Ibarrako, Tolosako eta Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen alde» egin. «Protagonismorik eta beste inolako ‘kontutxorik’ gabe, nahiko nuke nire bizitzan bokazioz eta buru-belarri aritzea», gaineratu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!