Ibarran sokatira txapelketa jokatuko da larunbatean

Asier Imaz 2018ko otsailaren 14a

Gizonezkoek 600 kilotako finala jokatuko dute eta emakumezkoek 500eko bigarren jardunaldia, 17:00etatik aurrera.

Ibarrako Belabieta kiroldegian sokatira jardunaldia egongo da larunbatean, 17:00etan hasita. 8x8 goma gaineko modalitatean, 600 kilotan, finala jokatuko dute. Ibarrako taldea txapela irabazteko hautagaien artean dago. 680 kilotan ibartarrak Euskal Herriko txapeldun geratu ziren eta 640 kilotan bigarren egin zuten, Beti Gazteren atzetik.

600 kiloko finalera iristeko ligaxka jokatu dute, eta bi jardunalditako sei talde onenak txapelaren lehian ariko dira: Gaztedi, Sokarri, Murueta, Txantrea, Beti Gazte eta Ibarra.

Maila bakoitzeko irabazleek Txinako Munduko Txapelketara joateko aukera dute, Euskal selekzioa ordezkatuz, martxoan.

BIGARREN JARDUNALDIA

Gizonezkoen finalarekin batera emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da. Badaiotz, Ibarra eta Gaztediren artean egongo da lehia. Lehen jardunaldian Badaiotzek tiraldi guztiak irabazi zituen. Ibarra bigarren geratu zen, Badaiotzen aurkakoak galduta. Oraingoan ezustekoa eman nahi dute etxekoek. Kale edo bale izango da larunbateko jardunaldia. Badaiotzek berriro ere garaipena lortzen baldin badu txapela ia buruan izango lukete. Hirugarren eta azken jardunaldia hilaren 24an jokatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!