Gazteriaren alorra indartuko du Ibarrako Udalak

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 31a, 09:00

Emeterio Arrese kaleko 4 eta 10 zenbakien artean urbanizatze lanak egiteko 95.000 euro gorde dituzte.

Ia bost milioi euroko aurrekontua onartu zuen azken osoko bilkuran; langile berriak kontratatuko dituzte, urte honetan zehar.

Gazteriaren alorra indartzea, herriko irisgarritasuna hobetzen jarraitzea, udaleko informatika hobetzea eta Ibarrako piperrak duen zabalkundea herria posizionatzeko erabiltzea dira, besteak beste, Ibarrako Udalak 2018. urterako dituen asmoak.

Pasa den asteko osoko bilkuran onartu zuten aurrekontua eta horiek dira hasi berri den urtean izango dituzten lan ildoetako batzuk. 4.821.561,60 euroko aurrekontua onartu du udalbatzak. Udalak esan duenez, «gainerako ezer gutxietsi gabe, eta kopuruetara erabat mugatu gabe» gazteriaren alorra indartu nahi du. «Izan ere, arlo horretan udalak apustu handia egin du etorkizunera begira eta nerabe eta gazteen parte hartzea sustatzeko zerbitzuan sakontzeko», gaineratu du udalak. Horiek horrela, Gazte Zulo zerbitzuan orain arte lanean aritu diren bi langileei beste bat gehituko zaie eta lanaldi osoko kontratua izango du.

Irisgarritasuna
Herriko irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egingo dituzte ere 2018an, eta baita, horrekin batera herriko argiteria hobetzen jarraituko dute, guztira 60.000 euro bideratuko dituzte horretara eta hortik 40.000 euro, Egi eraikineko argiteria berritzeko izango dira.

Era berean, Emeterio Arreseko 4 eta 10 zenbakien arteko urbanizazioa egingo dute eta 95.000 euro gorde dituzte horretarako. «Aipatutakoez gain, berdeguneen mantentze lanetarako eta herriko barandak txukuntzeko partidak ere onartu ditugu», esan du udalak.

Langile berriak
Pertsonalari dagokionez, gazteria alorra indartzeko kontratatuko duten langileaz gain, informatikari bat ere kontratatuko dute, udalak dituen behar informatikoak eta administrazio elektronikoa bideratzeko. Ez dira udalak izango dituen langile berri bakarrak, aurki, udaltzaingo bat kontratatzeko deialdia ere egingo baitute. Eta azken langile berriak Ibarrako piperrarekin izango du lotura. Izan ere, piperraren sustapenerako mahaia sortu nahi dute, jaki preziatuak duen sona aprobetxatu eta herria posizionatu ahal izateko. Mahaia sortzeaz gain, kontratatuko duten pertsona horrek Ibarrako piperraren inguruko liburu bat ere prestatu beharko du.

Aurrekontuak hainbat diru laguntza ere aurreikusi ditu, «azken urteetan egin den bezala». Alde batetik, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatu eta gizarteratzeko eremuan diru laguntzak emango ditu udalak, 5.150 euro guztira.

Kirolari lotutako diru laguntzak emateko 55.000 euro gorde dituzte eta garapen bidean dauden herrialdeei zuzentzeko 45.000 euroko partida onartu dute. «Orokorrean, diru laguntza guztiak mantenduko dira eta beharren arabera hauek igotzea ere aurreikusi dugu».

2017ko aurrekontuan gerakin bat izan dute eta horrekin aurrera begira egin duten aurrekontuan bertan behera utzi dituzten hainbat inbertsio egiteko asmoa du udalak.

Horien artean daude, Belabieta kiroldegiko inpermeabilizatzea, Euskal Herria kaleko 45 eta 47 zenbakien artean dagoen haur parkearen berritzea, San Inazio auzoan dagoen haurtzaindegiaren kanpoaldeko lurra berritzea eta bizikletan ibiltzeko zirkuitu bat sortzea. Azken hori nerabeek egindako eskaera bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!