Unai Iribarrek debuta egin du profesionalekin

Ataria 2018ko urt. 26a, 11:49

Oriako Txirrindulari Eskolako kideak eta Iribarren familiartekoak Mallorkan dira, Unairi animatzen

Unai Iribar txirrindulari ibartarrak profesional mailara egin du jauzia. Mallorkako Challenge probako lehen lasterketan hartu zuen parte atzo. Afizionatu mailako Ampo taldearekin arituko da aurten.

Espainiako Omniuneko proba irabazi zuen Iribarrek joan den astean, eta emaitza horri esker pistako selekzioarekin profesional mailan debuta egiteko aukera sortu zitzaion.

Atzo osatu zuen lehen lasterketa txirrindulari onenen artean, Mallorkan. Tropelean maila handiko kirolariak ziren, Alejandro Valverde edo Markel Irizar, besteak beste.

Iribarrek 90. postuan amaitu zuen, John Degenkolb Trek taldeko txirrindulariarengandik 54 segundora. Jauzia nabaritu duela aitortu du Iribarrek: "Jubenil mailako azken lasterketa 57 kilometrokoa izan zen, gaurkoa, aldiz, 179koa. Erritmoa bizia izan zen, bereziki azken orduan."

Azken kilometroan gelditu zen atzean, tropela puskatu egin zen sprint-a prestatzean. "Ikaragarria da zeinen kontrolpean izaten duten ihesaldia. Nahi izan zutenean erritmoa estutu eta harrapatu genituen".

Hala ere, lasaitasunez hartu du egunotako martxa. "Esperientzia bikaina izaten ari da. Ez dut ezer galtzeko eta hortaz, lasai nago. Gozatzen ari naiz", aitortu du gazte ibartarrak.

Igandera arte izango da Mallorkan, profesionalen ondoan. Gero, Ampo taldearekin afizionatu mailako lasterketetan hartuko du parte. Maila horretan egingo duen lehen denboraldia izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!