Ibarrako erretiratuek martxan dute, berriz ere, taberna

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 11a, 09:30

Mayte Monrealek hartu du Bizi Nahiko taberna kudeatzeko ardura; ireki du jada, eta oraingoz, eguneko platera eta menuak eskaintzen ditu.

Ilusioz hartu du Mayte Monrealek Ibarrako erretiratuen taberna kudeatzeko ardura. Bizi Nahi taberna itxita egon da azken hilabeteetan, baina pasa den astetik irekita dago jada. Aurretik ere ostalaritzan aritutakoa da Monreal, eta pixkanaka-pixkanaka eskaintza osatzen joango bada ere, argi zuen pintxoak eta otorduak hasieratik eman behar zituela, eta horrela ari da. «Oraingoz astean zehar eguneko platera emango dut, eta baita pintxoak ere, eta asteburuetan menua emango dut. Hemen biltzen direnei leku goxo bat eskaini nahi diet eta aurrera begira ekintza osagarriak ere antolatu nahi ditut. Nire asmoa Bizi Nahi tabernari bizia ematea da», esan du. «Oraingoz horrela hasiko gara, baina eskaeren arabera, aldaketak egin behar badira, egingo ditugu.

Ea zein den eguneroko martxa eta horren arabera egokitzen joango gara», gaineratu du.
Taberna asteartetan itxiko du eta gainontzeko egunetan egun guztiz egongo da zabalik; astean zehar 08:30etik 22:00etara, eta asteburuetan 09:30etik 22:30ak arte.

Mayte Monreal Ibarran bizi da eta badu herriko martxaren berri. «Gutxi gorabehera badakit zein den egunerokoa hemen, eta horren arabera egingo dut lan. Erretiratuen egoitza da eta beraz, leku goxoa eta erosoa izatea da helburua, hemen biltzen direnak gustura egon daitezen», esan du.

Urteko batzarra
Bizi Nahi elkartearen tabernaren ustiaketarekin batera, Ibarrako erretiratuen elkarteak badu beste erronkarik ere, izan ere, igandean, hilak 14, urteko batzarra egingo dute, zuzendaritza batzordearen zati bat berritzeko eta elkarteko kideek parte hartzea nahi dute. 11:30erako egin dute lehen deialdia, eta 12:00etarako, bigarrena.

Zuzendaritzako kide berrien izendatzearekin batera, 2017ko kontuen berri emango dute eta batzarra eta gero hamaiketakoa egingo dutela ere nabarmendu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!