Euritsua, baina arrakastatsua

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abenduaren 31

Hauspoa kultur elkarteak, merkattari elkartearen laguntzaz antolatu du Ibarrako VI. San Silvestre lasterketa. Ehunka haur, gaztetxo eta heldu aritu dira bertan, urtea lasterka amaitzeko asmoz.

Urte zahar egunez, arratsaldeko 16:00etan hasita, San Bartolome plazatik abiatu dira korrikalari guztiak. Lehenengo, haurrak atera dira, eta ondoren, berriz, helduak. Gazteenek 300 metrotako ibilbidea egin behar izan dute, eta geroz eta helduagoak zirenak, metro gehiagoko lasterketa osatu dute. Hala, infantil milakoek, 1.800 metro burutu behar izan dituzte lasterka. Helduenek, aldiz, 5.400 metrotako ibilbidea osatu behar zuten.

Hori bai, guztiek, eguraldi txar bati aurre egin diote. izan ere, gogotik egin du euria lehen lasterketatik amaierara bitarte, eta horrek ere zerbait baldintzatu du partaide kopurua. Aurten, seigarren aldiz ospatu dute lasterketa hau ibartarrek, eta beste edizioetan bezala, parte hartzaileak saritu nahi izan dituzte, irabazleen gainetik. Horrela, behin lasterketa guztiak amaitu ondoren, zenbait kamiseta eta gozoki zozkatu dituzte. Antolatzaileek, bestetik, opariak ere banatu dituzte korrikalari guztien artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!