Eguberri kanpaina jasangarria, zazpigarrengoz

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko abe. 20a, 09:00
Ikastolako, Garaguneko, udaleko eta Merkatarien Elkarteko kideak.

Gaur piztuko dituzte Gabonetako argiak Ibarran; aurten ere birziklatutako materialekin egin dituzte herriko apaingarriak.

Urteak dira jada, Ibarrako Udalak energia kontsumoa murriztu eta kutsadura luminikoa gutxitzeko neurriak txertatzen dituela bere jardunean, eta zentzu horretan, 7 urte dira jada, Eguberrietako kanpainan ere ahalegin horri heltzen diola. Bide horretan, aurten ere, material birziklagarriekin egindako apaingarriekin apaindu ditu herriko kaleak. Urtero bezala, Uzturpe ikastolako haur eta irakasleen eta Garagune zentroko erabiltzaileen laguntza izan dute. Eguberrietako argiak ere neurriz piztuko dituzte. Gaur piztuko dituzte lehen aldiz eta urtarrilaren 8ra arte mantenduko dituzte, egunero, 18:00etatik 21:30era.

Jasangarritasuna eguneroko jardunean txertatzeko ahaleginarekin batera, udalak eragileekiko elkarlana bultzatzeari ematen dio garrantzia, Ixiar Arratibel zinegotziak argitu duenez, eta eragileekin batera egitarau oparoa osatu dute datozen asteetarako. Horien artean, Gazte Zulo,  Merkatarien Elkartea eta Hauspoa dira aipagarriak. Gazte Zuloko Mikel Zurutuzak azaldu duenez, antolatutako ekitaldiak gazteek proposatutakoak dira eta horien artean daude, jostailu bilketa, Gazte Zulo Olinpiadak eta Txuri Urdinera irteera, ohiko bazkariaz gain. Merkatarien Elkarteak beren aldetik, hainbat ekitaldi antolatu ditu. Mikel Urangak esan duenez, spot bat egin dute «kaleak girotzeko eta Ibarrako bizilagunek bertan Eguberrietako erosketak egitera geratzeko».

 


Bestetik abenduaren 22ra bitarte zozketa kanpaina dute abian herriko saltokietan; 50 euroko sariak zozkatuko dituzte dendetan eta baita 100 euroko hiru erosketa txeke. Abenduaren 23rako Argi Parkea ere antolatu dute. Plazan dauden 6 zuhaitz txirrinduen laguntzaz argiztatuko dituzte, 18:30etik aurrera.

Egitaraua

  • Abenduak 20-22. Gazte Zulok, Gurutze Gorriarekin elkarlanean, jostailuak bilduko ditu. Jostailuak berriak, ez sexistak eta ez belikoak behar dute izan.
  • Abenduak 20. Loatzo musika eskolako ikasleen Eguberrietako emanaldia, 18:30ean, Uzturpeko jangelan.
  • Abenduak 23. Plazako sei zuhaitza argiztatuko dituzte txirrinduen laguntzarekin, 18:30etik aurrera, Merkatarien Elkartearen ekimenez.
  • Abenduak 24. Olentzero eta Maridomingiren jaitsiera 18:30ean, plazan, Hauspoak antolatuta.
  • Abenduak 26. Kiliklon Ekoizpenak-en DJ Porru emanaldia, 17:00etan, Belabietan.
  • Abenduak 27. 2 eta 12 urte artekoei zuzendutako puzgarrien parkea, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, Belabietan.
  • Abenduak 28. Artzainen kirol parkea eta partxisaren jolasa, jolas parkea, Kulkiren eskutik, 17:00etan, Belabietan.
  • Abenduak 29. Danzjolas jaia Zirika Zirkusen eskutik, 17:00etan, Belabietan.
  • Abenduak 29. Elektrotxaranga herriko kaleetan zehar ibiliko da arratsaldez, Ibarrako Merkatarien Elkarteak antolatuta.
  • Abenduak 30. Gazte Zulo Olinpiadak 10:00etan plazan hasita, herrian zehar. Herritar guztiei egin diete dei parte hartzeko.
  • Abenduak 31. VI. Urte Zahar Krosa, 16:00etatik aurrera, plazan, Hauspoak antolatuta.
  • Abenduak 31. Zezensuzkoa, 18:00etan, plazan.
  • Urtarrilak 3. Gazte Zulok antolatuta Txuri Urdinera irteera DBHko nerabeei zuzenduta. Izena Gazte Zulon bertan eman behar da.
  • Urtarrilak 5. Sukaldaritza tailerra eta Gazte Zuloren bazkaria DBHko ikasleentzat. Aldez aurretik eman behar da izena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!