Aldaketarik naturalena

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko abe. 7a, 11:46

Ibarrako Haizeak 10 urte besterik ez ditu, baina gauzak argi ditu. Ez dagokion gorputzean jaio zen, eta saltoa ematea erabaki du; beti izan da neska, baina abuztutik besteon begietara ere aldatu da.

Naturaltasunez hartu zuen Haizearen familiak neska dela adierazteko eman duen saltoa. 10 urte ditu eta ikasturte berri honekin batera kendu du neska dela barruan gordetzeko zama. Arantxa Arrospide da Haizearen ama eta gogoan du duela urtebete esan zuela lehen aldiz neska dela. «Lehen aldiz esan zigunean, anaiak negarren eman zuen gaua eta nik uste horregatik bota zela atzera». Gurasoek ordea, argi zuten salto hori eman behar zuela eta pasa den udara mugarri izan zen familiarentzat. «Udaran aitak esan zion 10 urte barru edo bera bezalako itxura izango zuela eta hori entzutean erabaki irmoa hartu zuen», gogoratu du. «Egun horretan hartu zuen erabakia eta guztiok babestu dugu», gaineratu du.

Erabakiak ez ditu ezustean harrapatu, «ikusten da», dio amak. «Txikitatik ikusten den zerbait da, gure kasuan behintzat, eta orain zama bat kendu du. Lehen ezkutatu egiten zen, lotsa ematen zion panpinekin kalera ateratzea, adibidez, baina orain oso pozik dago, oso naturala izan da dena».

Horren natural, haurrak erabakia hartu eta hurrengo egunean hasi zutela inon idatzita ez dagoen prozesua. «Gizonak esan zidan hurrengo egunean soinekoa janzteko eta ez zuen inongo arazorik izan. Soinekoa jantzi eta kalera joan ginen, normal-normal. Merkatalgune batean ibili ginen, natural, ondo. Kontu bakarra soinekoa eta galtzoinak zituela, horixe esan zion aitari: 'Zer arraroa aita, soinekoa eta galtzoninekin'. Arropa berriak erostera joan behar izan genuen, nesken gauzak erostera».

Etxean ere anaiaren lehen erreakzioa eta gero gauzak bere onera etorri zirela esan du Arrospidek eta segituan eman ziotela buelta egoerari. «Ez da arazorik egon, anaia txikienak ere arazorik gabe hartu du albistea, geroz eta txikiago, geroz eta hobeto, esango nuke nik».

Etxean, natural, eta etxetik kanpo, lehengusuekin eta abarrekin ere, natural. «Lehengusuekin asteburu pasa joan ginen eta arazorik ez genuen izan, oso natural hartu zuten dena, beraiek ere badute transexuala den ikaskide bat eta oso naturala izan zen dena».

IKASTURTE BERRIAREKIN

Pasa den ikasturtea mutil bezala bukatu zuen, baina hasi, Haizea bezala hasi du eta horretan ere ikastolak azaldu duen prestutasuna nabarmendu du amak, «lehenago ere ikastolan gai honen inguruan hitz egin genuen, baina pausoa berak eman behar zuela argi genuen. Guk informazioa eman diogu, hitz egitera animatu... baina berak esan arte ez dugu ezer gehiagorik egin». Eta behin aurrera egiteko ausardia atera duenean, denek babestu dute, baita ikaskideek ere. «Ikasturtea hasterako ikastolako arduradunekin hitz egin genuen, guztia kontatzeko. Ikaskideek eskolak hasi eta Haizea pixka bat beranduago sartu zen gelan. Irakasleak ikasle berri bat, Haizea, hasiko zela esan zien eta ikasle guztiek oso ondo hartu zuten dena. Haizea ere oso ondo dago. Egia esan Haizeak oso argi ditu gauzak, txikitatik esaten du handitan moda diseinatzaile edo horrelakoren bat izan nahi duela, eta horrekin ere tematuta dago, oso egoskorra da».

Gauzak argi ditu Haizeak eta gizarteak gauzak horren argi edukitzea izango litzateke egokiena.

Haizea zoriontsu da orain eta hori etxean ere nabaritzen dute, noski. «Aldea dago, orain oso ondo dago. Aitarekin ere hobeto moldatzen da orain. Nik uste lehen bere burua ikusten zuela aitarengan eta ez zuen onartu nahi. Aita harrituta zegoen, beste seme-alabekin bezala egoten baitzen berarekin, baina orain konturatzen gara zergatik zuen aitarekiko jarrera itxi hori».

Kezkak ere izan dituzte etxean, baina «behin erabakia hartuta» denak uxatu dituzte; «Haizea horren ondo eta zoriontsu ikusten dugu, dena ahaztu dugula. Ume bat ondo ikustea baino gauza garrantzitsuagorik ez dago. Lehenago ez zegoen ondo, pentsa zurea ez den gorputz batean egonda, nola egongo zen gustura. Orain oso ondo dago».

Senitarteko eta lagunek «naturaltasunez» hartu dute aldaketa, baina gizartea orokorrean, ez du prest ikusten Arrospidek. «Pena da, baina oraindik asko aurreratu behar da gai honetan».

Kalean eman duen saltoa, paperean eman behar du orain, Haizeak, eta izena aldatzeko prozesuan daude orain. «Donostiako epaile batek eman behar digu baimena izena aldatzeko. Haizea bezala ezaguna dela frogatu behar dugu; liburutegian, ikastolan, kiroldegian... geroz eta dokumentu gehiago eduki non Haizea bezala den ezaguna, orduan eta hobeto». Prozesua ez da bereziki nekeza amaren hitzetan, baina erraztu egin beharko litzatekeela ere uste du.

Haizea oraindik txikia da eta lehen pausoa eman badu ere, gehiago eman beharko ditu eta hor ikusten ditu eragozpen gehiago Arrospidek. «Hemendik Gurutzetako ospitalera bidaltzen dituzte eta hor badago oraindik zer egina».

Haizea orain dela gutxi arte psikiatra batengana joan da eta berak emandako baimen ofizial batekin joango dira Gurutzetako ospitalera, «ospitalean gizon garapena moztuko diote blokeadore batzuekin, eta orduan erabakiko dute noiz hasi hormonatzen».

Denbora kontua da besterik ez da. Haizeak eman du saltoa eta bera jada, zoriontsu da, «berak erabaki zuen Haizea izena nahi zuela, baina egia esan berdin zaio izena, bera neska da, eta horrela atera nahi zuen kalera, eta hori lortu dugu jada, bestea, burokrazia eta, denbora kontua besterik ez da». Haizearen familiak eman du pausoa eta laguntzeko prest daude, hortik egindako gomendioa: «Umeari den bezalakoa onartzeko, umeek ez dute gezurrik esaten, eta sentitzen dutenari erreparatzeko».

 

IZENA ETA SEXUA ALDATZEKO PROZESUA ERRAZTUKO DUTE

Espainiako diputatuen biltzarrak egoera zibileko erregistroan izena aldatzeko prozesua erraztea helburu duen proposamena aztertzea onartu du.

PSOE alderdiak egin du proposamena eta Unidos Podemos zein Ciudadanos alderdien babesari esker, behin betiko onartua izateko bidea hasi berri du.

Orain arte adintxikikoen sexua zein izena aldatzeko mediku txosten batzuk aurkeztu behar ziren eta horiek bertan behera uztea aurreikusten du proposamenak. 203 aldeko boto eta 130 kontrako izan zituen diputatuen biltzarrean, PP izan zen aurka azaldu zen alderdi bakarra.

Zehazki hiru aldaketa egin nahi dituzte indarrean dagoen 3/2007 legean. Batetik, transexualak diren adin txikiek egoera zibileko erregistroan sexua eta izena aldatu ahal izatea nahi dute. 16 urte edo gehiago badituzte, eurek bakarrik egin ahal izango dute eskaera eta txikiagoak izanez gero, euren guraso edo tutoreek egin beharko dute. Bestetik, transexualitateari «patologia izaera kendu» nahi diote, eta horregatik ezabatu nahi dute mediku txostenak aurkezteko eskaera. Azkenik, atzerrian bizi diren transexualei lan baimenean edota bizitzeko baimenean sexu eta izena aldatzeko aukera zabaldu nahi diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!