«Urte zaharreko krosak kutsu herrikoia mantentzea nahi dugu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko abe. 1a, 07:36

Geroz eta gehiago dira urtea korri eginez bukatu nahi dutenak. Ibarran duela sei urte hasi ziren Urte Zahar krosa antolatzen eta geroz eta jendetsuagoa da.

Seigarren urtez egingo dute Urte Zahara Krosa Ibarran. Manke Davilaren (Ibarra, 1969) burutazioa izan zen antolatzearena eta Ainhoa Muñagorri lagun, handituz joan den ekitaldia da. Lehen egunean finkatu zituzten oinarriak ez dira aldatu, dena den: doakoa da, ez dute sailkapenik egiten eta izena ematerakoan elikagai bankura eramateko produktuak jasotzen dituzte. Krosa txikienek hasiko dute 15:30ean. Aurrebenjaminek 280 metro egin beharko dituzte, benjaminek 600, alebinek 1.240, infantile 1.820 eta helduek 5.400 metro.

Hilabete barru ospatuko duzue Ibarran, Urte Zahar krosa. Zein berezitasun ditu lasterketak?

Festa herrikoia ospatzea da gure helburua, eta ez dugu sailkapenik egiten. Opariak banatzen ditugu eta izen-ematea doako da. Dortsalaren truke elikagaiak jasotzen ditugu eta ondoren, Elikagai Bankura bidaltzen ditugu. Iaz 200 kilo inguru bildu genituen.

Seigarren urtea da jada, nolatan hasi zineten hitzordua antolatzen?

Tolosara joan nintzen hango San Silvestre krosean parte hartzera, ume eta guzti, eta kristoren zalaparta sortu zigun; lehenengo haur batek hartu zuen parte, gero besteak, gero nik... bitartean haurrak norbaitekin utzi behar... Ibarran ere horrelako bat antolatu behar genuela pentsatu nuen eta Ainhoa Muñagorriri esan nion lehenengo. Kuadrillan ere aipatu genuen eta uste baino zailagoa izango zela esan baziguten ere, aurrera egitea erabaki genuen.

Ez zuek bakarrik, noski... 

Gu hasi ginen mugitzen, baina horrelako lasterketa bat antolatzeko jende askoren laguntza behar da; merkatari eta tabernariek laguntzen digute, udalak, ikastolak... Hauspoa Kultur Elkartearen laguntzak berebiziko garrantzia du, diru laguntzak bideratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak errepidearen mozketa eskatzeko, jendea mugitzeko... Guztira 40 petsona behar dira bidegurutzeetan eta abar bidea markatzeko. Guk beti esaten dugu ibartarra izanik egun horretan bi aukera daudela, korri egiten parte hartu edo bidegurutze batean egon.

Kutsu herrikoia mantendu nahi izan duzue.

Hori oso argi genuen, ez dugu sailkapenik egiten, garrantzitsuena parte hartzea baita. Opariak banatzen ditugu eta giro oso ona sortzen da. Opariak herriko merkatariek ematen dizkigute eta zozketa bidez banatzen ditugu parte hartzaile guztien artean. Haurrak eta helduak ateratzen dira eta txikienen artean goxokiak banatzen ditugu eta besteei elastiko bat ematen diegu. 14 urtetik gorakoek helduen lasterketan hartu dezakete parte eta giro oso ona sortzen da.

Parte hartzea handitzen joango zen...

Iaz 400 bat pertsona atera ziren eta bai, geroz eta jendetsua izaten ari da. Beste herri batzuetatik ere ari dira etortzen, giro ona izaten baitugu. Oso kontentu gaude.

Eta aurten parte hartu nahi duenak, zer egin behar du?

Goxobi dendan eman dezake izena egunean bertan eta bezperan. Egia da, hala ere, Uzturpek asko laguntzen digula eta ikasleen artean beraiek banatzen dituzte dortsalak. Uzturpekoak ez diren haurrek parte hartu nahi badute, Goxobin eman dezakete izena. Izena ematerakoan jasotzen ditugu elikagaiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!