[GUTUNA] Eskutitza Renneseko espetxetik

Maite Aranalde Ijurko 2017ko azaroaren 24a

Aupa herritar eta lagun maiteak!

Gaurkoan zuengana zuzentzen naiz Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bakearen artisauekin batera burutuko duen ekimenaren berri emateko. Dagoeneko jakingo duzue abenduaren 9an manifestazioa deitua dagoela Parisen Orain presoak lelopean. Horren aurretik bakearen artisauen delegazio batek Frantziako espetxeetako euskal preso politikoak gauden espetxeak bira egingo du. Bira honetan, espetxeetako zuzendaritzarekin biltzeko asmoa daukate, halaber, espetxea dagoen zonaldeko eragile ezberdinei gure egoeraren berri eman nahi diete. Guk ekimen honekin bat egin dugu. Horretarako, hainbat ekintza burutuko ditugu kartzela bakoitzean, tokatzen zaigun epean. Artisauen delegazioa Rennesen azaroaren 29tik abenduaren 4ra bitartean egongo da. Egun horietan guk zera egingo dugu: kontzentrazioak, propaganda, plater errefusak eta gutun bidalketa masiboa Rennes inguruko eragile sozial, politiko eta sindikalei. Halaber, dispertsioak gugan eta gure etxekoengan dituen ondorio larriak azaltzen dituen txostena emango diogu zuzendaritzari eta bide batez gutako bat ordezkari moduan artisauek zuzendariarekin egingo duten bileran presente egotea eskatuko dugu.

Nik uste dut garrantzitsua dela herriaren zati handi bat presook bizi dugun egoera konpontzeko lanean ari dela munduan zehar jakinaraztea. Euskal Herriko gatazka politikoak konponbidea behar du eta hori ez da lau eroren harrikada, herri oso baten nahia baizik. Bahitu politikoak herrian eta aske nahi gaituzue, nahi eta behar, hori ikusaraztea inportantea da.

Holaxe bada lagunok, tira zuek hortik, tirako dugu guk hemendik... ea lehenbailehen zuen arten gauden gu guztiok Euskal Herri aske baten alde lanen segitzeko. Muxu handi bana... Egongo gara. Atzo, gaur eta beti herriarekin bat eginik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!