Moto abentura baten hasiera

Asier Imaz 2017ko aza. 16a, 07:56

Koldo Alonso ibartarrak esperientzian oinarrituriko ideia bat zuen buruan. Moto zahar bat erosi, berritu eta abentura bati hasiera emango dio. 'Koldo41.wordpress.com'-en egingo du kontaketa.

Erreportaje hau honela bukatzen da: «Plan guztia ondo ateratzen baldin bada izugarria izango da; eta gaizki ateratzen baldin bada ere izugarria izango da». Erreportajeak hasiera desberdinak izan zitzakeen, baina Yamaha XT 600 moto zaharrarekin hasiko gara. Aipatu, esan guztiak Koldo Alonsorenak (Ibarra, 1979) izango direla, bera baita moto abentura honen beste protagonista.

Aurkezpenak eginda, erreportajea honela hasten da: Koldo Alonsoren lagun batek moto zahar bat zuen, «5 urte kalean geldirik zegoena». Ibartarrak buruan ideia bat zebilkien, eta horretarako moto hura erosi zuen. «Berritzen hasi ginen, baina eskuetatik joan zitzaigun pixka bat».

Aurrera jarraitu aurretik, motoaz bi hitz: Yamaha TX 600 merkatura 1984. urtean atera zuten. Urtebete lehenago, Yamaha etxeak XT 600Z Ténéré merkaturatu zuen. Diseinuan sartutako aldaketak albo batera utzita, desberdintasun nagusia erregaiaren tankean zegoen: zaharrak 28 litrokoa zuen, berriak 11,5ekoa.

Jarrai dezagun abenturarekin. 2017ko abuztua. Orduan hasi ziren Ibarrako etxeko garajean motoa berritzen, Koldo, bere aita eta gerturatzen ziren lagunak. Lehen aldaketa, erregaiaren tankea. Eta kontuak nola diren: moto zaharra berritzeko Ténéré-ren tankea jarri zioten. «Autonomia gehiago behar genuen, eta 28 litrokoarekin 450 kilometrokoa lortzen genuen. Buruan nuen bidaia egiteko hori ezinbesteko baldintza zen». Tankearen ondoren urkila aldatu zioten, «arroketan hobeto joateko». Ondoren sistema elektronikoa, eta ondoren… Azkarragoa izango da: motorra izan ezik beste guztia aldatu zioten. «Esan dizut eskuetatik joan zitzaigula pixka bat».

ARTEfacto izena du moto berrituak, eta aste honetan jarri diote bateria berria. Abenturarako prest dago, beraz. «Espero dut abiatu eta Ordizian ez geratzea. Hala eta guztiz ere, lagun batek esan zidan bezala, Albaceten geratzea baino hobe izango da». Ez da hasteko prest dagoen bakarra. Koldo Alonso berak fisikoki 6 kilo irabazi ditu. Besteak beste, «ur piloa edaten ari naiz, ondo hidrataturik joateko».

Honezkero asmatuko zen Koldo Alonsoren ideia, plana edo abentura, moto bidaia bat dela. Aurrez hamaika eginak dituen arren, hau desberdina da: amaiera jakinik gabeko hasiera bat da. «Lagunekin hasi nintzen Marokora joaten. Motoan bidaiatzeak izugarrizko sentsazioak sortzen zizkidala ikusi nuen. Urte batean bakarrik gelditu nintzen, oporrak ez genituen aldi berean. Bakarrik joatea erabaki nuen, ea zer gertatzen zen». Eta Senegalera joan zen. Motoa alokatu eta 15 egun pasa zituen bertan. «Denetik pasa zitzaidan. Motoa zortzi mila aldiz izorratu zen, bidean botata geratu nintzen, zorabiatu eta ospitalean amaitu nuen. Baina gustua hartu eta hurrengo urtean Asiara joan nintzen, Laos eta Vietnamera. Dena oso polita izan zen, baina oso erraza. Gasolindegiak toki guztietan zeuden, tailerrak, errepide onak… Senegalen ez zen horrelakorik». Asiakoa interesgarria izan da, baina zorabiatu, ospitalean amaitu eta gustua hartu? Kontaketa ez mozteko, amaierarako utziko dugu erantzuna.

 



25 EGUN

Abenduaren 6an aterako dira Euskal Herritik Koldo Alonso eta ARTEfacto. Espainia eta Maroko zeharkatu ondoren Saharan sartuko da, bertatik iritsi nahi baitu Mauritaniara. «Hor hasiko da abentura. Herrialde osoan bi hiri nagusi eta hiru gasolindegi daude. Bata eta bestearen arteko distantzia 600 kilometrokoa da. Atzean bi bideoi ematea, beraz, beharrezkoa izango da. Horrela, 700 kilometroko autonomia izango nuke». Beste hainbat gasolindegi egon badaude Mauritanian, baina diesela da saltzen duten erregaia, edo kalitate exkaxeko gasolina. Bi errepide nagusi daude herrialde osoan, beste guztia pistak dira. Hondar artean ibiltzea tokatuko zaio ibartarrari, eta ondorioz, jakin badaki behin baino gehiagotan izango dituela erorikoak.

Mauritaniatik Senegalera joango da, sartu irten bat egitera. «Dena ondo baldin badoa, laguntza jaso nuen kanpalekura joan nahi dut. GPS-an sartuta daukat kokalekua. Han egon nintzenean erreminta batzuk falta zitzaizkiela ikusi nuen, eta opari bezala emango dizkiet». Senegaletik Gambiara joango da, motoa uztera eta hegazkina hartzera. «Bidaiaren azken egunak izango dira. 25 egunen ondoren, hegazkina hartu eta etxerako bidea egingo dut. Motoa, bai, han geratzen da».

Puntu honetan hainbat gauza aipatu behar dira. Motoa, hilabeteko epea, eta abentura baten hasiera. Hasiera da, izan ere, hurrengo urtean jarraipena etorriko da. 2018an Gambian hasiko du bidaia Koldo Alonsok: abenturaren bigarren etapa. Aurrerapena: «Ziurrenik Ghanan amaituko da». Amaiera puntuek motoarekin dute zerikusia. Orain arte Koldo Alonsok bidaia hegazkinean egiten zuen, eta motoa bertan alokatu. Horrek hilabeteko epearekin lotura handiegia zuen: «Oporrak bukatzen zirenean, dena oso ondo, baina berriro zerbait berriaren bila hasi behar izaten nuen. Motoarekin guztia jarraipen bat da, etapa desberdinak dituen bidaia bat. Motoak uzteko hainbat leku badira, Gambian, adibidez, kanpin batean utziko dut. 120 euro ordainduko dut urte osoagatik. Gero paper kontuengatik 140 euro kenduko dizkidaten arren. Hala eta guztiz ere hemen baja emango diot motoari, segurua eta beste hainbat zerga ekiditeko». Gambian bezala, Ghanan ere aurkitu du motoa uzteko lekua ibartarrak. Horregatik amaituko litzateke bigarren etapa Ghanan. Hilabeteko epeari dagokionez, hausnarketa bat: «Hasieran pentsatzen nuen horrelako bidaiak egiteko dena utzi beharra zegoela; lana, familia… Baina hilabetez hilabete antolatuz gero, azkenean ibilbide bat egiten joaten zara nahiz eta urte desberdinetan izan. Horrek asko betetzen ninduen, eta hortik etorri zen moto zahar bat erosi eta berritzeko ideia». 

Orain bai: Senegal. Zorabiatu, ospitalean amaitu eta gustua hartu? «Senegaleko sabanan arazo bat izan nuen. Deshidratatuta geratu nintzen. Artzain bat azaldu eta bere kanpalekura eraman ninduen. Gauean okerrera egin nuenez, goizean zaldi baten gainean ospitalera eraman ninduen».

«Edozeri aurre egiteko gai garela ikasi nuen, orduan. Bakarrik bidaiatu arren, ez dago bakardaderik. Herrixka osoa niri laguntzera etorri zitzaidan. Mundu osoa zuri laguntzeko dagoela ikusten duzu horrelakoetan». Eta horregatik, «abentura honetan plan guztia ondo ateratzen baldin bada izugarria izango da; eta gaizki ateratzen baldin bada ere izugarria izango da».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!