Orientazioaren bila, 100 lagunetik gora

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko aza. 12a, 16:56

I. Orientazio Proba Herrikoia ospatu dute goizean, Ibarran. 10:00etan abiatu dira ibilbide luzeko parte hartzaileak eta ordubete beranduago ekin diote balizak aurkitzeari ibilbide motzeko lasterkariek.

Horixe zen eta gaurko helburua: Buruarekin estrategia pentsatu, eta ondoren, ahalik eta baliza gehien, era egokienean eta azkarrenean, aurkitzea. Altxorraren bila handi bat bezalakoa izango zela aurreikusi zuten, eta parte hartzaileen artean behintzat, jolasteko gogoa nabari zen, irteeran. Haur eta gaztetxo ugari bildu dira Ibarrako plazan, eta ibilbide luzeari hasiera eman aurretik, atentzio handiz entzun dituzte Maitane Garmendia eta Beñat Doyharzabal antolatzaileen azalpen eta aholkuak.

Gehienek, hiruzpalau laguneko taldetan banatuta hartu dute parte, eta goizeko 10:00etan abiatuta, hiru ordu eta erdiren bueltan, 28 baliza aurkitu behar zituzten, hasiera puntuan eman zaien mapa baten eta ipar-orratz baten laguntzaz. Ibilbide motzeko partaideak, berriz, 11:00ak aldera abiatu dira San Bartolome plazatik. Hauen kasuan, eremua txikiagoa izan da, eta ez zuten herritik gehiegi urrundu behar balizak bilatzeko garaian. "Familia giroan egiteko modukoa da", aitortu dute antolatzaileek. Beraien esanetan, arriskuari zegokionez, ez zegoen alde handirik bi eremuen artean, baina luzean, desnibela handiagoa zen.

Inguruko nahiz bertakoak, esperientzia berri honetara animatu nahi zituzten antolatzaileek, bide eta txoko berriak aurkitu eta ezagutzeko asmoz. Hala ere, parte hartzaileen kopuruarekin eta jatorriarekin harrituta geratu dira: "100 partaide inguruk eman zuen izena, 67 proba luzean eta 39 motzean, eta oso gustura gaude; gainera, eskualdeko herritarrez gain, Iruñetik, Zarautzetik eta Ipar Euskal Herritik ere etorri da jendea". Guztiek zuten eginbeharreko berdina balizara heltzean: Taldeko kontrol-txartela hartu eta baliza bakoitzean zegoen pintzarekin txartela sinatzea. Azkenik, bazen baliza bat ondo ezkutatuta zegoena, eta horren inguruko azalpenak ere eman dituzte probari ekin aurretik.

Iazko Ibarraldeko I. Abentura Raid-ean oinarritu, eta eskualdeko jendearen parte hartzea bultzatzeko zerbait herrikoia egin nahi zuten, oinez edo korrika bakarrik izango zena. Ibarrako Udalarekin harremanetan, hilabete bakoitzeko asteburu batean, zenbait ekintza antolatzeko proposamena aurrera atera zen, eta gaurko egunez egokitu zuten proba. "Guk ere pasa den asteburuan amaitu genituen gure ligako lasterketak, eta hori dela eta antolatu dugu gaur", esan du Garmendiak, eta gehitu du, "azken unera arte ez ginen ohartu gaurko egunak Behobia-Donostia lasterketarekin bat egiten zuela, eta agian, horren ondorioz, nabari zela partaide kopuru txikiagoa".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!