Berdintasuna sustatzeko ekintzak lagunduko dituzte

Ataria 2017ko azaroaren 8a

Ibarrako Udalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko helburua duten irabazi-asmorik gabeko elkarte eta taldeei diru laguntzak emateko oinarriak onartu ditu. Informazio guztia zein eskaera orria udalaren webgunean dago eskuragarri.

Diru laguntzak emateko publizitatea, objektibotasuna, gardentasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza printzipioak izango dituzte kontuan. Diru laguntzen zenbatekoa 3.000 eurokoa da eta parekidetasuna sustatuko duten ildo eta programak lagundu nahi dituztela esan du udalak.

Horiek horrela, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten jarduera eta programak garatu nahi dituztenek eskatu ditzakete laguntzak, bai urteko programa bat garatzeko eta baita jarduera zehatzak antolatzeko ere.

Diru laguntzak Ibarran egoitza edo ordezkaritza iraunkorra duten irabazi asmorik gabeko erakunde juridikoek eskatu ditzakete.

Diru laguntza jasoz gero, onuradunek diru laguntzak emateko aurkeztuko proiektua bete beharko dute eta hizkuntza irizpideak ere bete beharko dituzte. Hau da, Ibarrako udalean eta udalerrian euskararen erabilera normalizatzeko indarrean dagoen araudia bete beharko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!