Altxorraren bila handi bat antolatu dute Ibarran

Asier Imaz 2017ko aza. 8a, 07:34
Iazko Ibarraldea Raid probean oinarritu dira proba antolatzeko.

I. Orientazio Proba Herrikoia igandean izango da; antolatzaileek parte hartzaileei proba hasi baino ordu erdi lehenago plazara agertzea eskatu diete.

Ibarran, igandean, I. Orientazio Proba Herrikoia antolatu dute. «Altxorraren bila handi bat bezalakoa izango da», dio Maitane Garmendia antolatzaile taldeko ibartarrak. Irteera puntuan mapa bat emango zaie parte hartzaileei, eta eurek erabaki beharko dute zein ibilbide egin. Helburua: ahalik eta puntu edo baliza gehien aurkitzea.

«Orientazio proba batean ez dago ibilbide markatu bat. Mapa bat ematen zaie parte hartzaileei, eta hauek, horko kontrol puntu edo balizak aurkitu behar dituzte. Bakoitzak egokitzen du ibilbidea. Gehienez ere 3 ordu t'erdi edo 2 ordu izango dituzte horretarako. Denbora tarte horretan ahalik eta baliza gehien aurkitu beharko dituzte», zehazten du Garmendiak.

Igandean, beraz, bi proba izango dira Ibarran, luzea eta motza. Norberak erabaki behar du non parte hartu. Motza, adibidez, familia giroan egiteko egokia dela uste du Maitane Garmendiak.

Proba luzea 10:00etan hasiko da Ibarrako plazatik, eta laburra 11:00etan. «Parte hartzaileei ordu erdi lehenago plazan egotea eskatzen diegu. Proba nolakoa den, balizak aurkitzean zer egin behar duten eta abar azalduko diegu orduan. Mapak 5-10 minuturen faltan banatuko ditugu», dio ibartarrak.

I. Orientazio Proba Herrikoian banaka edo taldeka atera daiteke, gehienez ere 5 laguneko taldeetan. Izena emateko epea ostiralera bitarte zabalik egongo da. Egunean bertan aukera egongo da, nahiz eta antolatzaileek nahiago duten aurrez apuntatzea. Inguruko herritarrak esperientzia berri honetara animatu dituzte ibartarrek, beti baitago zer ezagutua, dio Garmendiak: «Sarri ohiko bideak bakarrik egiten ditugu, eta orientazio proba honetan bide eta txoko berriak aurkituko dituzte parte hartzaileek. Jendea harrituta geratuko da hemen inguruko txoko polit eta ezezagunekin».

I. Orientazio Proba Herrikoiaren sustraiak iazko Ibarraldeko I. Abentura Raid-ean daude: «Eskualdeko jendearen parte hartzea bultzatzeko 7 orduko raid-a baino orientazio proba egokiagoa izan zitekeela ikusi genuen. Helburu horrekin zerbait herrikoia egin nahi izan dugu, oinez edo korrika bakarrik izango dena. Bakoitzak erabakiko du nola egin», dio antolatzaileak. Izan ere, raid-ean kirol modalitate desberdinak egin behar izaten dira: mendi bizikleta, treking-a, piragua, eskalada... Orientazio proban, aldiz, oinez edo korrika egitearekin nahikoa da.

 

AZAROAK 12, IGANDEA

Irteera. Ibarrako plazatik.

Ordutegia.

Proba l uzea 10:00etan. Gehienez 3 ordu t'erdi.

Proba motza 11:00etan. Gehienez 2 ordu.

Partaideak. 1-5 pertsonako taldeak. (12 urtez beherakoak heldu batez lagundurik).

Beharrezko materiala. Iparrorratza (taldeko bat), ura, mendiko arropa eta oinetako egokiak.

Izen ematea. Zubiaurre eta Atari tabernetan, edo ibarraldearaid.blogspot.com orrialdean. Ostirala bitarte epea zabalik egongo da.

Prezioa. 12 urtez gorakoek 5 euro. Beherakoek, 3 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!