Argindar kontsumoa murrizteko tailerra, Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 7a, 18:05

Foru Aldundiak abiarazitako Gipuzkoa Argitu programaren barruan, saioa egingo dute Txontxo aretoan, azaroaren 15ean.

Hilaren 15ean, asteazkenarekin, argindar kontsumoa murrizteko gakoak emango dituzte Ibarrako Txontxo areto berrian (Ibai-Gain kalea, 4), 18:00etatik aurrera. Helburua etxebizitza, merkatalgune edota enpresa txikiei aurrezteko modua ematea da, horretarako beharrezkoak diren baliabide eta datu guztiak eskainiz.

Tailerra Gipuzkoa Argitu programaren barruan eskainiko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019. urtea bitarte abiarazitako programa da hain justu, Gipuzkoa Argitu, argindar kontsumoaren murrizketa era erraz eta soil batean sustatzeko helburuz Gipuzkoa osoan eskainiko dituzte saioak, eta hiru dira ardatz nagusiak. Energia kontsumoari buruzko datua ezagutzeko eta ulertzeko eskubidea bermatzea, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoari buruzko aholkuak eta ohiturak sustatzea eta energia-hezkuntza garatzea.

Tailerrean parte hartu nahi duten herritarrek ingurugiroa@ibarra.eus helbidera idatzita eman behar dute izena edota 943 67 11 38 telefono zenbakira deituta, azaroaren 14a baino lehen.

ABIAPUNTUA, 2015. URTEAN

Argitu programaren hastapenak, 2015ean daude. Foru Aldundiak proiektu pilotu bat egin zuen etxeetako argindar kontsumoaren murrizketa eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko.

Proiektu horri esker, parte hartu zuten 400 etxeek argindar kontsumoa ia %6 murriztea lortu zuten eta «argi gelditu zen etxeko kontsumoen datua ezagutzea zuzenki erlazionatua dagoela bere murrizketarekin», esan du Foru Aldundiak. 

Azterketa horretatik ondorioztatu zuten hortaz, kontsumo datuak ezagutzea, bai zenbat kontsumitu den eta baita noiz izan den kontsumo mailarik altuena ere, ezinbestekoa dela kontsumoa murrizteko. Datu horiek izanda zenbatekoa zehazteko erabiltzen den tarifa eta kontratatutako potentzia egokiak ote diren jakin daitekeelarik.

Horiek horrela, herriz herri egingo dituzte tailerretan norberaren kontsumo datura nola iritsi erakutsiko dute eta etxetik jarraitu daitezkeen bideo tutorialen berri ere emango dutela argitu du Foru Aldundiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!