«Etxeko lana eginez gero, final on bat egiteko aukerak daude»

Asier Imaz 2017ko urr. 26a, 07:55

Bigarren Mailako Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren finala igandean jokatuko da, Azkoitiko Gurea pilotalekuan, 12:00etan.

Finalera sailkatzeko kanporaketan laugarren geratu zen Jexuxmari Mujika ibartarra. Bere aurretik Mugertza, Mindegia eta Kañamares geratu ziren; atzetik, Zaldua eta Saralegi. 40 urteko ibartarrak, 96 kilo eta 184 zentimetrorekin, bere lana egin nahi du igandean. 

Finalean egote hutsa, ospatzekoa da. 

Horrela da. Urte batzuk finalean sartu gabe neramatzan, eta nazkatuta nengoen jendearen komentarioekin. Honek ia ez du ezer egiten; hau ez da ezer eta antzekoekin. Serioxeago prestatu eta ea finalean sartzen nintzen ikusi nahi nuen. Sartu gara, eta orain final polit bat egiteko aukerak daudela uste dut. 

Ziztadak izan dituzu, beraz. 

Lehen mailan edo bigarren mailan ibiltzeko ordu asko sartu behar izaten dira hemen. Entrenamendu asko egin, jana eta dena zaindu... Hori egiteko denbora duena, hainbestean, baina nik lanean egunero 11-12 ordu sartzen ditut. Familia duenarentzat tabernan esaten diren tontakeria horiek alferrikakoak dira. Kirola egin duenak ulertzen du hau zer den, baina hizketan ibiltzen diren horiek ez dira horrelakoak. Euren etxea ezin konpondu eta kanpokoen aurka aritzen dira. Ez dakit inbidia edo zergatik. Baina pentsatu nuen, egunen batean pixka bat prestatu eta berriro maila erakusteko gai nintzela; txori kaka bat ez nintzela. Ez da erraza ordea. Txapelketa egun bat izaten da, eta ordu zehatz horretan erakutsi egin behar izaten duzu.

Urduritasuna, norberaren izaera... beste faktore batzuk sartzen dira hor. 

Plazan urduri jartzen naiz ni. Gertatu izan zait prestatuta joan eta eman beharrekoa eman gabe etxera itzultzea. Hori oso txarra izaten da: etxeko lana plazan erakutsi ezinik ibiltzea. Animikoki kalte handia eragiten dizu horrek. Oraingo honetan, behintzat, finalean sartu naiz, eta final on bat egiteko aukerak ikusten ditut, etxean lan polita egiten ari garelako. Baina lehen esandakoa, egunean erakutsi behar izaten da hori. 

Eta eskerrak laguntza duzula etxean.

Ikusten ez den lan asko dago atzean. Garbi esango dizut, aitaren laguntza izango ez banu, aspaldi zeuden aizkoran zintzilikatuta. Alde horretatik zortea daukat. Berari herri kirol mundua eta batez ere aizkora asko gustatzen zaio. Egurrak berak prestatzen dizkit entrenamenduetarako. Horrela izango ez balitz, zer egin beharko nuke nik. 12 ordu lanean pasa eta gero entrenatzeko egurrak prestatzen hasi?

Finalean sei aizkolari egongo zarete. Kanporaketan, 26 segundoren barruan ibili zineten denak. 

Oso polita izan zen. Nik uste aspaldiko politena. Finala ere antzekoa izan daitekeela esan nahi du horrek. Sarrera ordaintzen duenak hori nahi izaten du, eta gu horretan saiatuko gara.

Enbor bat gehiago izango da finalean. Kañamares eta Mindegiari kalte egin liezaioke horrek; zuri? 

Niri ez dit horrelako kalterik egingo. Ondo prestatu naiz, eta beldur gehien nire buruak ematen dit; urduri jarri eta nirea ez emateak. Helburua nire lana egitea da, eta horrekin gustura geratzen baldin banaiz, berdin zait seigarren geratzea ere. Besteak hobeto aritu direla esan nahiko du horrek. Horrek ez du esan nahi gora begira egongo ez naizenik. Bestalde, Mindegiaren inguruan esan duzuna jende askori entzun diot, eta ez dakit oker ez ote gauden. Otañorekin apustua egin zuenean lan handiak ziren han. Lan erditan aho zabalik ikusi genuen, baina hark bere erritmoan amaitu zuen lana. Aizkolari gozoa da, garai bateko Senosiainen tankera hartzen diot nik. Gizena dago, baina kontuan izan behar da pisu askoz handiagoan ibili dela. Asko botata dago, eta aizkoran petsuarekin bakarrik ez da irabazten. Teknika handiko aizkolaria da, eta kontuz ibili beharrekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!