50 urte luzez herrian eragiten

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 18a, 11:40
Pilota eskola

Ibarrako Sendi Ekintza elkarteak 50. urteurrena ospatuko du larunbatean, hilak 21. Herri bazkaria, haur jolasak eta musika emanaldia da data bereziaren bueltan antolatutakoa.

1967. urteko martxoan sortu zuten, zehazki, Sendi Ekintza elkartea. Lehenago ere antolatzen zituen hainbat ekitaldi, baina ofizialki, 1967an kokatu behar da bere sorrera. Herrian orduan hiru eskola zeuden eta horietako bakarra zen mutilentzat, baina irakasle bakarra zegoenez, ez zen nahikoa herriko mutil guztiak hartzeko. Ondorioz, guraso talde bat elkartu eta eskola berri bat eraikitzea adostu zuen, Padres de Familia elkartea sortuz.

Urteekin familia balioak, kultura eta kirola sustatzeko helburuari eutsi zioten eta erretore etxeko lokaletik, beste lokal batera pasa ziren, eta taberna ere egin zuten.

1968an hasi ziren elizaren alboan, hilerri zaharra zegoen tokian, eskola bat eraikitzeko proiektua lantzen. Horretarako dirua behar zuten, eta hainbat ekintza antolatu zituzten. Ordukoa da ere, bileretarako erabiltzen zuten lokala sagardotegi bihurtzeko erabakia.

1969. urtean antolatu zuten lehen aldiz, jaietako txekor jatea. Lehen urteetan gizon ezkonduak eta soldaduska egina zutenek bakarrik hartzen zuten parte, baina urteekin txekor jatea jaietako hitzordu garrantzitsu bihurtu zen eta gaur egun, herritar guztiei zabaldutako deialdia da. Bogan dago gainera, azken urteetan oso jendetsua izaten ari baita txekor jatea.

Gaur egungo Sendi Ekintza elkarte gastronomiko hutsa baino gehiago da eta herrian hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar. Elkartea sagardotegia izaten jarraitzen du, baina 2012an lekuz aldatu zen. Plazan egotetik atzealdeko plazara pasa zuten eta lokal zaharra bilera eta kultur ekintzetarako utzi zuten. Egun 180 bat bazkide ditu Sendi Ekintzak, eta pilota eskolaren ardura du. Aurten 6 eta 12 urte arteko 50 haur inguru ari dira pilota ikasten.

Urteurrena ospatzeko bazkarirako txartelak Zubiaurre, Atari eta Txumitxa tabernetan erosi daitezke. Helduek 20 euro ordaindu behar dituzte eta haurrek 5 euro. Gaur da txartelak erosteko azken eguna. Bazkarian zapi oroigarri bat banatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!