Auzolanean bada hobeto

Ataria 2017ko urriaren 7a

Ibarrako Azkue auzoan jai eguna dute gaurkoa. Seigarrengoz ospatzen ari dira Azku Eguna, eta ohi bezala, auzoko musikarien kalejirarekin eman diote hasiera ekitaldiei.

Auzolana da Azku Eguneko berezitasuna. Auzolanean antolatzen dituzte ekitaldiak, auzolanean egin eta auzolanean bildu. Auzoa egin nahi dutela diote eta bazkari xume batekin hasi zenak hartu du forma.

Bazkarian 200 bat pertsona bilduko dira eta bazkalosterako ere badituzte hamaika ekitaldi aukeran. Bingoa izango dute lehenik eta auzoan Gaztezulo gaztelekua dutenez, bertan eskulanak egingo dituzte. Txoborro magoaren ikuskizuna 17:30ean izango da eta 19:30ean Ziribulio Sounden kontzertua izango da. Zezen suzkoarekin amaituko dute aurtengo Azku Eguna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!