Askotariko ekitaldiak aukeran asteburuan, Ibarran

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 5a, 10:00
Seigarren aldiz egingo dute Azku Eguna

Bizi Nahi erretirodunen elkartearen jaiak hasiko dira gaur eta igandera bitarte luzatuko dira eta Azkue auzoan ere jai eguna antolatu dute; Azku Eguna larunbatean izango da.

Jaiak taldea egiteko eta harremanak sustatzeko erabili ohi dira, jai giroan errazagoa izaten baita jende gehiagorengana iristea. Bizi Nahi elkartean eta Azkue auzoan ere harremanak egiteko erabiltzen dituzte euren jaiak, eta hemen dira jada.

Bizi Nahi erretirodunen elkarteak gaur bertan hasiko ditu jaiak eta modu berezian egingo dute gainera. Ibarra Martxanekoak ere gaur hasiko dituzten asteroko hitzorduak eta bi ekitaldiek bat egingo dute. Bizi Nahikoek emango diete ongietorria Ibarra Martxanekoei eta hamaiketakoa ere eskainiko diete. Igandera bitarteko egitaraua prestatu dute.

Azkue auzoan ere Azku Eguna ospatuko dute seigarrengoz. Larunbatean ospatuko dute auzoko eguna eta helburua urterokoa da, «auzoa egitea eta harremanak sortzea», esan du Joxi Ubeda antolatzaileetako batek. Auzolana da festa eguneko beste ezaugarrietako bat. «Auzolanean antolatzen dugu jaia; aurretiko prestakuntza lanak, egunean bertakoak, guztia biltzea...», esan du.

Urtero bezala, kalejirarekin eta haurren jokoekin hasiko dute eguna, eta bazkaria ere egingo dute. Orain arteko jai egunetan 200 bat pertsona bildu izan dira. Tiketak bihar bitarte erosi ahal dira Azkueko Erre Berrin; helduek 10 euro ordaindu behar dute eta 18 urtetik beherakoek 5 euro. Urtero bezala musikak ere izango du bere tartea. Goizean Zikinbrillo taldekoak ariko dira eta iluntzean Ziribulio Sound-en txanda izango da.

 

Egitarauak

Bizi Nahi elkartearen festak

Gaur, hilak 5

  • 12:00. Bandera igoera eta txupinazoa festei hasiera emateko eta Ibarra Martxaneko parte hartzaileei ongietorria emateko.
  • 16:00. Eskoba eta mus, puntxo eta tute, eta txintxon eta domino txapelketa azkarrak.
  • 20:00. Luntxa eta sari banaketa txapelketan parte hartu dutenei.

Bihar, hilak 6

  • 20:00. Anaitasuna faria elkartearen aretoan, zuzendaritzako kideek zerbitzatuta. Afariaren ondoren, disko festa egongo da.

Hilak 7, larunbata

  • 11:30. Banakako toka txapelketa. Ondoren, Ibarrako tomate eta piper onenen dastatzea eta sari banaketa.

Hilak 8, igandea

  • 11:30. Meza hildako bazkideen omenez.
  • 14:00. Senidetasun bazkaria kiroldegian, bukaeran opari banaketa eta dantzaldia.
  • 19:30. Festa amaierako txupinazoa.

Azku Eguna

Hilak 7, larunbata

  • 11:00. Txupinazoa Azkuko errotondan auzoko musikariekin eta buruhandiekin. Kalejiran joango dira Azkueko plazaraino eta ondoren, haur jolas kooperatiboak egingo dituzte.
  • 11:30. Toka txapelketa eta pintxo potea.
  • 13:30. Aperitiff musikatua: Zikinbrillo.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 16:00. Bingo popularra.
  • 17:00. Eskulanak Gaztezulon.
  • 17:30. Txoborro magoaren ikuskizuna.
  • 19:30. Kontzertua: Ziribulio Sound.
  • 20:30. Zezen suzkoa. Ondoren, jai bukaera eta garbiketa, auzolanean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!