Tolosaldea Sahararekinek hitzaldi bat eskainiko du bihar, Ibarran

Ataria 2017ko urriaren 4a

Amasahara erakusketa jarriko dute eta inaugurazioarekin batera Sahararen errealitatearen berri emango dute.

Ibarrako kultur etxean Amasahara erakusketa ikusi ahal izango da bihartik urriaren 20a bitarte. Amasahara erakusketa izen bereko proiektuaren abiapuntua besterik ez da eta helburua Saharako errealitatea gerturatzea da. Hori dela eta, biharko inaugurazioarekin batera Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideen hitzaldia antolatu dute. 18:30ean izango da hitzaldia.

Amasahara Maiatzak 20 elkartearen proiektu bat da. Elkartea 2010ean sortu zuten Oporrak Bakean programaren barruan, Saharako haurrek uda gurean emateko proiektuaren barruan,  alegia.
Erakusketak 21 argazki biltzen ditu. Horietako batzuk, erretratuak dira, 2016ko udan Amasako apaizetxean egon ziren Saharako haurren erretratuak, batik bat, eta beste lan batzuk hainbat teknika erabiliz egindako artelanak dira.

Auzolanean prestatutako erakusketa da Amasahara eta jasotzen duten dirua Maiatzak 20 elkarteak duen proiektura bideratuko dute, udaran ahalik eta haur gehien ekartzeko asmoz. Izan ere, erakusketa herriz herri mugituz eta argazkietako batzuk salduz lortu nahi dute dirua.
Amasahara erakusketa Villabonan eta Zizurkilen ikusi ahal izan da jada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!