Marce Tenaren ikasleen erakusketa, kultur etxean

Ataria 2017ko irailaren 29a

5 eta 12 urte arteko haur eta gazteen lanak bildu ditu; aurten planetak landu eta hainbat eskulan egin dituzte.

Seigarren aldiz jarri ditu Marce Tena margolari ibartarrak bere ikasleek egindako lanak kultur etxean. Pasa den ikasturtean zehar egindako lana erakusteko asmoz, prestatzen du urtero, erakusketa. Aurten 5 eta 12 urte artekoen lanak jarri ditu eta hainbat teknika erabiliz egindako koadroez gain, eskulan ugari ikusi daitezke.

Marce Tenaren ikasleek urtero gai bat lantzen dute eta horren inguruko eskulanak egiten dituzte. Pasa den ikasturtean planetak gaia landu zuten eta horrekin zerikusia duten askotariko lanak egin zituzten. Ikasturtearen lehen zatian txartel didaktikoak egin ohi dituzte, «teknikak, koloreak, lan egiteko erak... ikasten joateko», esan du Tenak. Eta gero hasten dira eskulanak eta koadroak egiten.

Behin erakusketa jarrita, ikasturte berriari ekin ohi dio margolariak eta aurten ere horrela izango da. Izen ematea zabaldu du jada. 5 eta 17 urte artekoei zuzendutako eskolak eskaintzen ditu batetik, eta helduena, bestetik. Astean behin izaten dira saioak, ordu eta erdi edota bi ordukoak. Informazio gehiagorako edo izena emateko 647 96 19 15 telefono zenbakira deitu behar da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!