Uzturpe ikastolako DBH 4ko ikasleak eta Gureak-eko hainbat erabiltzaile izan ziren atzo goizean, Molpoido inguruan maiatzean landatutako piperrak biltzen. 789 taldeak dinamizatutako ekintza izaten da piperren ingurukoa, eta helburua gazteek Ibarrako piperrak zer diren, nola landatzen diren eta nola biltzen diren bertatik bertara ezagutzea da. Piperrak biltzeaz gain ozpinetan ere sartu dituzte.
Maiatzean bezala, ikasleak bildu eta azalpenak ematea izan da lehen pausoa. «Piperra neguan, hazitik landarea sortu bitarteko tarte horretan, negutegietan egoten da. Landare horiek baratzeetara atera eta landatzen ditugu, eta hori ez da edozein hilabeteetan egiten, lurrak tenperatura pixka bat hartzen duenean egiten da. Bero pixka bat behar izaten du eta. Negutegian goxo-goxo egon dira eta horregatik landatu behar dira lurrak tenperatura pixka bat duenean», azaldu du 789 taldeko Joxelu Lopetegik. «Lehen loretxoak uztailean edo ateratzen dira eta fruitua ematen eta biltzen hasteko uztailaren 15a izaten dugu buruan. Bi hilabete pasatzen da fruitua ematen hasterako. Eta orduan erruz ematen du, asko».
Piperra baratzean dagoen barazki emankorretakoa da eta Ibarrako piperraren kasuan abuztuko San Bartolome jaiekin iristen da piperraren garairik onena. Udazkenean tenperaturak laguntzen badu, azarora ere atzeratu ahal da piperra biltzeko garaia, «baina piperra ez da bera», esan du Lopetegik. «Piper txiki horrek hiru egun besterik ez ditu behar tamaina asko hartzeko, noiz bildu behar den zaindu behar da, beraz. Irailean hotz egiten badu, uzkurtu egiten dira».
Piper gorria
789 taldean aspaldian piper gorria aldarrikatzen ari direla ere esan du Lopetegik. «Lehen erabilpen gehiago ematen zitzaion, baina gaur egun galdu da hori. Horregatik aldarrikatzen dugu. Bi erabilpen izaten ditu piper gorriak: hurrengo urterako hazia sortzea eta saltsak minak egiteko». Pikante bezala ia ez du inork erabiltzen, eta horregatik ari dira horrekin lanean 789 taldeko kideak. «Piperrek badute berezitasun bat, ez dela fruitua heltzen uzten. Ez diogu heltzen uzten, bere heldutasuna gorria jartzen denean ematen delako, eta ez diogu horretara iristen uzten».
Lopetegik argitu duenez, jada ari dira piper gorriekin «gauzatxoak eta probak» egiten, «emango dugu horren berri».