Guraso Eskola berreskuratu nahi dute Ibarran

Ataria 2017ko irailaren 27a

Urritik maiatzera bitarte hilean ordu eta erdiko saio bat eskainiko du Ana Elosegi psikologoak; iaz ere proposatu zuten baina ez zen talderik atera.

Gurasoei egunerokotasuneko arazoetan laguntzeko saioak eskaintzea du xede Guraso Eskolak. Ez da Ibarran antolatzen duten lehen aldia, baina iaz ez zuten taldea osatzerik izan, eta aurten berriz ere proposatzea adostu dute. Aurten saioen gidaria Ana Elosegi psikologo klinikoa izango da eta hilean behin egingo dituzte batzarrak, urriaren 23an hasi eta maiatzera bitarte. Ordu eta erdiko saioak izango dira eta astelehenetan izango dira. Bi talde banatuko dituzte HH eta LHko ikasleen gurasoak batetik, eta DBHkoak bestetik. 17:30etik 19:00etara eta 19:00etatik 20:30era izango dira saioak.

Ibarrako Udalak antolatu du Guraso Eskola Uzturpe ikastolaren laguntzarekin, eta esan du guraso guztiei dagoela zuzenduta. «Programa honen oinarria gurasoak izateko eginkizun zailarekiko errespetua da, eta haurren garapen egokia sustatzen saiatzen da, abiapuntutzat hartuta informazioa nahikoa duten eta babesturik sentitzen diren gurasoek hobeto egin diezaieketela aurre seme-alabak hezteak dakartzan jarduera eta erantzukizunei», esan du.

Guraso Eskolaren kostua 65 eurokoa da eta izena urriaren 2tik 11ra eman behar da udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan. Ordainketa 2095 5043 94 1060024667 kontuan egin behar da izen-abizenak eta Guraso Eskola jarrita.

Saioetan pertsona bakoitzaren egoera une oro aintzat hartuko dutela esan du udalak, «zeren hura da guztiei eragiteko modua. Parte hartzaileen kasu pertsonalak aztertuko dira, eta baita horien inguruko estrategiak proposatu ere». Era beran, talde ariketetan eta hainbat dinamikaren bidez egingo dituzte saioak, «hartara, prozesua adierazgarriagoa eta funtzionalagoa izatea erdiesten da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!