Ibarrak zerbait berezia badu, hori piperra da. Hala ere, piperraz gain, Ibarran bada zer ikusi eta zertaz gozatu. Hain zuzen, gaur goizean eta eguerdian zehar, era guztietako postuak, tailerrak eta lehiaketak bisitatu eta ikusteko aukera eskaini diete bertaratu diren guztiei. Emeterio Arrese parke inguruan, animalien postuak nagusitu dira, eta parkean bertan zenbait jaki ezberdin jan, edan eta erosteko aukera izan da. Bien bitartean, gilda eta pintxo lehiaketako partaideak, beren produktuak prestatzen aritu dira, pilotalekuaren babesean.
Baina, babesik ez zen falta gaurkoan. Eguraldia lagun izan dute ibartarrek, eta era horretan, San Bartolome plaza jendez gainezka zegoen, eguerdiko 12:30earako. Bertan, artisau azoka, marmol tailerra, herriko txirrindularien argazkiekin osatutako erakusketa eta Tolosaldeko XX. ezti lehiaketa izan dira. Txistulariak ere izan dira bertan, egun berezia doinuz alaitzeko asmoz. Ondoren heldu da eguneko une bereziena.
Loiolatarrak nagusi
Emeterio Arrese parkeko pilotalekuan izan da gilda eta pintxo txapelketako lehiakideek prestaturiko jakien dastaketa, eta bertan egin dituzte, segidan, XIII. pintxo lehiaketako eta I. gilda lehiaketako sari banaketak. Gilda onena, Alberto Zubelzu eta Carlos Aretxaga Xepla elkarteko bikotearena izan da. Hauen atzetik, Loiolatarrak taldeko Patxi Lago eta Jesus Orcajo donostiarrak sailkatu dira, eta hirugarren, berriz, Joxe Luis Lopetegi eta Joxe Mari Barriola, 789 taldekoak.
Pintxo lehiaketan, bestalde, zaporea, itxura eta aurkezpena zen epaimahaikideek aztertu eta baloratu behar zutena. Gauzak horrela, onenak, Patxi Lago eta Jesus Orcajo donostiarrak izan dira. Bigarren, Tolosako Lainoa tabernako Joseba Dravasa eta Juanma Zaldua izan dira, eta Ermuako Sagarra Gastro Pub tabernako Jesus Gonzalez eta Jose Garciak hirugarren postuarekin konformatu behar izan dute. Amaieran, Ibarrako merkatarien elkartearen barruan dauden dendatan xahutzeko, 30 euroko bi sari zozkatu dira, eta irabazleak, Idurre Butron eta Jose Javier Iglesias izan dira.