Ibarrako baserritarren lanari gorazarre egingo diete igandean

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 13a, 07:45

‘Ibarra, Azoka eta Piparra’ azokak hartuko du herria 10:00etatik 14:00etara, igandean; aurten gilda pintxoak protagonismo berezia izango du.

Ikasturtea hastearekin batera, ohiko bihurtu da Ibarran, azoka berezia egitea. Geroz eta postu zein eskaintza zabalagoa eskaintzen du. Izan ere, duela hemezortzi urte hasi ziren antolatzen herriko eta eskualdeko nekazari eta abeltzainek euren produktuak ezagutarazteko eta kontsumitzaileek kontsumitzen dutenaren jatorria eta ezaugarriak erakusteko asmoarekin. Pixkana handituz joan da eta elikagaiak eta inguruko etxaldeetako ganadua ez ezik, artisauen lanak ere biltzen ditu azoka bereziak. Bi dira gune nagusiak, San Bartolome plaza eta Emeterio Arrese parkea.

Plazan artisauen postuak egongo dira eta baita Hauspoak herrian sortu edo bizi diren txirrindularien argazkiekin osatu duen erakusketa ere. Era berean, Uzturpe ikastolak ikasturte honetan atera dituen jantzi berriekin postua jarriko du, bertan jantziak probatu eta enkargatzeko aukera egongo delarik. DBHko ikasleek, gainera, haurrei aurpegiak margotuko dizkiete. Ibarratik Misio Taldeak ere postua izango du, urtero bezala, plazan. Bi postu jarriko dituzte, batean herriko merkatari eta erakundeek emandako produktuak jarriko dituzte salgai, eta bestean, Indiako, Ekuadorko eta Honduraseko artisau produktuak izango dituzte, dirua bildu eta hiru herrialde horietan dituzten proiektuetara bideratzeko. Herriko taberna eta merkatariek emandakoekin osatu duten saski bat ere zozkatuko dute.

Era berean, Tolosaldeko XX. Ezti Lehiaketak ere plazan izango du topalekua eta herriko merkatariek paper marmolaketa tailerra ere antolatu dute bertan.


Abere eta hegaztiak ikusgai
Emeterio Arrese eta Arane inguruak berriz, nekazarien eta baserritarren guneak izango dira. Emeterio Arreseko atzealdean abere erakusketa egongo da eta Aranen gainera, hegazti erakusketa ere egongo da. Emeterio Arrese parkean nekazarien produktuekin osatutako postuak izango dira nagusi. Euskal Herriko Piperraren VIII. Topaketa ere bertan izango da.

Ohiko lehiaketa gastronomikoa berriz, frontoian izango da. Ibarrako piperra ardatz duen lehiaketa gastronomikoa izaten da eta aurten hamahirugarren edizioa ospatuko dute, eta lehiaketak badu berrikuntzarik. Aurten lehen aldiz, gildak ere prestatu beharko baitira. Gildek beraz, ozpinetan ondutako piperrak izan beharko dituzte. Guztira hortaz, 6 pintxo egin beharko dira Ibarrako piperrekin eta beste 8 gilda pintxo egin beharko dira. Beste sei pintxoak aldiz, hotzak nahiz beroak izan behar dira, eta nahi diren osagaiak erabili ahal dira, beti ere piperra bada osagai nagusia.

Gildaren inguruan bada beste berrikuntzarik, izan ere, gilden tailerra egingo dute Emeterio Arresen bertan, 10:00etatik 12:00etara. Ondoren, 12:00etatik 13:00etara egindako gildekin mosaiko erraldoia osatuko dute eta bukatzerakoan, gilda horiek dastatu ahal izango dira.

Azokan herriko merkatariek hartzen dute parte eta 12:00etan merkatari elkartean herriko saltokietan banatu dituzten txartelen zozketa egingo dute. Hiru erosketa txeke zozkatuko dituzte Emeterio Arresen. Gune honetan egongo dira ere Uzturpeko frantseseko ikasleak ere, ikasturtean zehar egiten duten elkartrukerako dirua biltzeko pintxoak salduko baitituzte.  

Azoka 14:00etan bukatuko da, baina jaia luzatzeko aukera dago, izan ere, bazkaria antolatu dute eta txartelak Atari tabernan erosi daitezke 22 euroren truke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!