Alain Santamaria eta Zuriñe Frutos, irabazle Ibarrako Mendi Duatloian

Ataria 2017ko irailaren 9a

Gizonezkoetan bigarren eta hirugarren Aitor Perez eta Iñaki Isasi izan dira eta eskualdeko lehenengoa Eneko Gurrutxaga amasarra, sailkapen orokorrean laugarrena. Emakumezkoetan hiruk amaitu dute proba eta bigarren eta hirugarren Laura Perez eta Ainara Pequeño izan dira. Euskal Herriko Mendi Duatloiaren zirkuituaren barruan dagoen proba da Ibarrakoa.

Santamariak 1:26:12ko denbora egin du eta Perez 17 segundotara geratu da. Minutu eta erdira helmugaratu da Isasi. Frutosek 1:58:03ko denbora egin du, Perezek 18 minutu gehiago behar izan ditu eta Pequeño 19 minutura iritsi da. Guztira 49 parte hartzailek bukatu dute proba.

Lehenengo aldiz egin da erreleboen proba. 11 bikote aritu dira, partaideetako bat korrikan eta bestea bizikletarekin arituz. Lehenengo hiruak Asier Arregi eta Alvaro Zapirain, Josu Arregi (bi modalitateak berak egin ditu) eta Amine Haissouf eta Omar Blanco izan dira.

Proba motz edo herrikoia ere jokoan izan da, eta bertan 14 parte hartzaile izan dira. Gizonezkoetan Iker Ezeiza, Andoni Matxain eta Asier Unanue izan dira hiru lehenak eta emakumezkoetan Ainhoa Caporossi izan da parte hartzaile bakarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!