Herriko txirrindularien argazkiak bildu nahian

Ataria 2017ko ira. 8a, 13:35

'Ibarra, Azoka eta Piparra' azokan Ibarran sortu edota bizi diren txirrindularien argazki erakusketa jarriko dute.

Irailaren 17an izango da Hauspoa kultur elkarteak urtero antolatzen duen azoka eguna eta aurten ere, argazki erakusketa bat jarriko dute plaza inguruan. XVIII. edizioan txirrindularitza izango da argazkien bidez jorratuko duten gaia eta horregatik Ibarran sortu edota bizi diren txirrindularien argazkiak bildu nahi ditu Hauspoak. «Erakusketa egiteko ibartar askorekin hitz egin dugu, ez dugu inor aipatu gabe utzi nahi, baina gerta daiteke norbaiten berri ez izatea eta erakusketatik kanpo geratzeko arriskua egotea», hori dela eta Hauspoarekin harremanetan jartzeko deia egin die elkarteak interesa dutenei. «Historian Ibarrak eman dituen txirrindulari guztiak kontuan hartu ahal izateko, Hauspoarekin harremanetan jartzea eskatzen dizugu», esan dute.

Deia hortaz, Ibarran jaio edo bizi diren herritarrei egin diete eta azokako erakusketan parte hartu ahal izateko interesa dutenei kultur etxean argazki bat edo bi uzteko eskatu diete. Irailak 12 da azken eguna.

Hain justu, irailak 12 da azokako Ibarrako Piperraren XIII. Lehiaketa Gastronomikoan izena emateko azken eguna. xeplajke@gmail.com helbidera idatzita edota 652 73 73 08 telefono zenbakira deituta egin daiteke.

Aurten Ibarrako piperrarekin pintxoak prestatzeaz gain Ibarrako Gildak ere prestatu beharko dituzte «lehiaketari berrikuntza gehitzeko eta parte hartzaileen sorkuntza eta gaitasunei erronka berri bat proposatzeko helburuz», Xepla elkarteak azaldu duenez. Azken hauetan ozpinez ondutako Ibarrako piperrak erabili beharko dira eta parte hartzaileek erabaki beharko dute osagai gehiago erabili nahi dituzten ala ez. Osagai guztiak zotz batean txertatu beharko dituzte eta epaimahaiak zaporeaz gain, aurkezpena, sorkuntza eta osagaien maridajea hartuko dituzte kontuan.

Guztira hortaz, parte hartzaileek Ibarrako piperrarekin 6 pintxo prestatu beharko dituzte batetik, eta 8 Gilda pintxo, bestetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!