Hainbat berrikuntza egingo dituzte kiroldegian

Ataria 2017ko irailaren 7a

Kantxako markagailua aldatuko dute datozen asteetan.

Ibarrako kiroldegian kantxako argiteria berritu dute udaran; hil honetan markagailua aldatu eta beste mantentze lan batzuk ere egingo dituzte.

Kiroldegia hobetzeko lanak egiten ari dira Ibarran. Udaran kantxako argiteria berritu dute eta Led sistemako 34 argi jarri dituzte energia eta argi kontsumoa murrizteko helburuz. Hil honetan zehar markagailua aldatuko dute.

Horiek dena den, ez dira datozen asteetan kiroldegian egingo dituzten lan bakarrak. Mantentze lanak egingo dituzte hidroterapia gelan. Batetik spa putzua berrituko dute eta bestetik, sauna berri bat jarriko dute.

Hidroterapia gelako ekipamenduak zaharrak dira jada eta hori dela eta aldatuko dituzte. Spa putzua ia urtebetez itxita egon da itoginak zituelako  eta beraz, saunaz gain, gelako aireztapena, zoladura eta leihoak ere aldatuko dituzte. Era berean, baporeko ekipamendua mantenduko dute eta emakumeen behe solairuko aldagelako sabaia berrituko dute.

Lan horiek guztiak egiteko 55.000 euro bideratuko dituzte eta printzipioz hiruzpalau astetan egingo dituzte. Kiroldegia hala ere, ohi bezala irekiko dute eta lanak kanpoaldetik egingo dituztenez ez dute eragozpenik sortuko; hori bai, aste horietan ezingo da hidroterapia gela erabili.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!