Imanol Alvarezek eta Lourdes Oyarbidek irabazi dute XXXVI. San Bartolome saria

Ataria 2017ko irailaren 3a

Ibarrako Kirol Elkarteak antolatzen duen XXXVI. San Bartolome saria jokatu da goizean, eta Imanol Alvarez Ciclos Iturriagako txirrindularia izan da gizonezkoetan lehena; emakumezkoetan, berriz, Lourdes Oyarbidek irabazi du.

10:00etan atera da txirrindulari lasterketa Ibarrako plazatik. Tolosako Amarotz auzora joan dira, eta handik, Lizartzarako bidea hartu dute txirrindulariek. Lizartzako sarreran, lasterketan zihoazen bi motok istripua izan dute eta lasterketa gelditu behar izan dute.

Lizartzatik Tolosara bueltatu dira, eta handik Alegia aldera joan dira N-1 errepidetik. Ugarte eta Amezketa igaro, eta Alegiara bueltatu dira. Ondoren, Goierri alderako bidea hartu dute: Ikztegieta, Legorreta, itsasondo eta Ordiziara joan dira, Zaldibiaraino. Bertan, buelta hartu, eta bide beretik, Altzora igo dira. Leaburu-Txaramara jaitsi eta Leaburura igo ira; Belauntzatik Ibarrara jaitsi dira Uzturpe ikastolan amaitu dute lasterketa.

Gizonezkoetan, Imanol Alvarez Ciclos Iturriagako txirrindulariak irabazi du lasterketa, azken metroetan Urko Semperena pasa eta gero; Victor Alvaro taldeko txirrindularia da bera. Hirugarren Limousin taldeko Iñaki Murua sailkatu da. Emakumezkoetan, berriz, Lourdes Oyarbide izan da lehena. 

Lasterketa irabaztez gain, mendiko txirrindulari onenaren saria ere irabazi du Alvarezek; txirrindulari talde onenaren saria Ampok irabazi du.

Omenaldia Iribarri

Sariak banatzeaz gain, Unai Iribar txirrindulari ibartarrari omenaldi txikia egin diote Ibarrako Kirol Elkarteko kideek; garaikurra eman diote denboraldi honetako lortutako emaitza "bikainengatik". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!