Ibarrako Sanbartolomeak 2017

Gazteenek lehertu dute festa

Ataria 2017ko abuztuaren 27a

Ibarrako San Bartolome jaietako azken eguna bada ere, festa gogoz daude oraindik ibartarrak. Kuadrillen Eguna da gaur, eta eguerditik aurrera, giro ederra izan da bertan. 

Azkenerako uzten omen da onena, eta horrela izan da Ibarran. Kuadrillen bilgune bihurtu da eguerdirako Ibarrako plaza. Kuadrilla berriari ongi etorria eman diote lehenengo, eta beraiek izan dira festari hasiera eman diotenak ere. Txakolinez bete dituzte edalontziak, eta brindisa egin ondoren, kalejiran abiatu dira dultzaineroek eta Bonberenea txarangako kideek lagunduta. 

Plazatik abiatu, eta Emeterio Arrese plaza ingurura joan dira lehenengo. San Inazio auzoan egin dute bigarren geldialdia, eta handik, Euskal Herria kaletik barrena, plazara igo dira. Eguerdiak aurrera egin ahala, atzoko gaua gehien luzatu zitzaienak ere azaldu dira, blusak soinean zituztela. 

Izan da sorpresarik ere. Kataluniako sardinera batzuk kuadrilla egunean parte hartu nahi izan dute, eta Castells bat baino gehiago ere egin dituzte kalejiran. Hainbat kuadrillatako kideak ere jatekoa eta edatekoa ere eskaintzen aritu dira. 

Kalejiraren ondoren, bazkaria egingo dute Emeterio Arrese plazako frontoian eta DJ Jotatxo arituko da arratsaldean musika jartzen. Gero, Elektrotxufla elektrotxarangarekin kalejira egingo dute herrian.

Gauean, zezensuzkoa izango da San Bartolome plazan, eta ondoren izango da eguneko momenturik tristeena; Itto ta kitto kuadrillako kideek piparra eramango dute osasun-etxetik San Bartolome plazaraino eta erre egingo dute bertan. ez da amaituko festa, ordea: tristura arintzeko dantzaldia egingo dute Zesuma erromeria taldearekin.

Ikusi hemen egitarau osoa.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!