550 kiloko harriarekin kalean gora, kalean behera ibiltzea; hori zuten, gaur arratsalderako plana, Ibarrako eta Emarriko emakumeek. 19:00etan egindako hitzordua zertxobait atzeratu behar izan dute, Emarrikoei puskatu egin baitzaie harriari tira ahal izateko burdinezko egitura. Beharrezko konponketak eginda, ordea, kirolariek beren lekuak hartu dituzte, Euskal Herria kaleko publikoaren grina asetzeko. Horrela, etxean geratu da garaipena.
Jada ohitura bilakatu da, errepidea probetarako plaza bilakatzea, eta esatariak behin eta berriro errepikatu du espaloitik ez jaisteko mezua. Izan ere, ohikoa baino distantzia luzeagoa izan du, gaur, giza-probak: kalea igo eta jaitsi egin beharrean, metro gehiago egin dituzte emakumeek: anbulatorio paretik Errotatxo okindegi pareraino igo behar izan dute, eta Euskal Herria kalearen hasierara bitarte jaitsi, ondorne, berriro, okindegi parean amaitzeko. Alegia, aldapan gora amaitzeko. Hori guztia, noski, 550 kiloko harriari tiraka.
Ibarrako taldeak aurretik hasi du norgehiagoka, baina posizioari eustea izan da bertakoen erronka. Izan ere, esatariak azpimarratu duenez, Emarri –Astigarraga, Lezo eta Oiartzu- ntalde eskarmentuduna da, eta gaur garesti zegoen proba irabaztea. Baina Ibarrako taldeak lortu du, eta txalo eta oihu artean amaitu dute ibilbidea.