Ibarrako Sanbartolomeak 2017

Danborra eta piparra, festaren aparra

Tolosaldeko Ataria 2017ko abuztuaren 24a

Osagai guzti-guztiek bat egin dute, gaur, Ibarran, jaietako egun handiaren karietara; haur danborradak eta piper jateak hartu dute goiza, bazkal-aurretik

Argi dago, bezperetako grinaren parekorik ez dela. Baina, gaur, bezperaren ondorengoak ere ez du inor gosez utzi Ibarran: San Bartolome egunari gorazarre egin diete herritarrek, giroak eta eguraldiak.

Hau danborradak hartu du goiza, batetik, Euskal Herria plaza makil hotsez zeharkatuz. Urteroko moduan, gaztetxoenek zabaldu dute martxa more-txuria, eta karrozatik konfeti eta serpentinak jaurtiz iragarri dute desfilearen itxiera. Tartean, Iraunkorrak txaranga aritu da doinu danborzaleak joz, haur, gazte nahiz gurasoen gozamenerako. Eta, hori gutxi balitz, dantzariek zeharkatu dituzte danborradako ilara, lerro eta tarte guzti-guztiak.

Haiek ibilbidea amaitu bitartean, ordea, Ibarrako plaza jendez lepo bete da, Ibarrako jaietako festaren aparraz gozatzera: piperrez. Ohitura onenei eutsiz, abuztuaren 24ko tomate eta piper-jatera inork gutxik huts egiten du, eta itzala motz geratu zaie, gaur, ibartarrei, jakien zain nahiz jakiez gozatzen aritzeko. Guztira, 72 kilo piper frijitu dituzte plazako estalpean, eta guztiak banatu, doan.

Herriko produktu izarrak eta danbor hotsek bat eginik, bazkari-legerako deia egin dute plazan. Eguna luzea da, oraindik, ibartar festazalearentzat, eta are luzeagoa, jaiak amaitu bitarteko egitaraua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!