Ibarra sarrera oinezkoentzat itxita, urria bitarte

Ataria 2017ko uztailaren 19a

Autobus geltokia lekuz mugitu dute obrak direla-eta.

Tolosako Udalak Tolosana inguruan egin behar dituen egokitze lanak direla eta, oinezkoen bidea desbideratu dute eta Zumardi Handitik joan behar da.

Ibarra sarreran, Tolosana inguruan, oinezkoen bidea itxi dute. Tolosako Udalak egin behar dituen egokitze lan batzuen ondorioz itxi behar izan dute pasabidea eta urria bitarte egongo da itxita, aurreikuspenen arabera. Ondorioz, oinezkoek Zumardi Handira jo behar dute Ibarratik sartu edo ateratzeko. Horretarako harrizko zubitxoa itxi dute, baina pasabide berri bat ireki dute Euskal Herria kaleko lehen zenbakian eta hortik jo daiteke Zumardi Handira sartzeko zubira. Autoen pasabidea, errepidea, ez dute itxi, eta urria bitarte hainbat moldaketa izango baditu ere, irekita mantenduko dutela esan dute.

Ez da aldaketa bakarra, izan ere, Ibarra sarreran zegoen autobus geltokia ere lekuz aldatu dute, eta atzeratu. Orain Ibarrako Euskal Herria kaleko 1. zenkian dago. Autobus geltoki berriak TO02 (Tolosa-Ibarra-Berrobi-Elduain-Berastegi), TO04 (Tolosa-Ibarra-Belauntza-Leaburu-Gaztelu), TO06 (Tolosa-Apatta Erreka) eta TO42G (Tolosa-Ibarra-Berrobi-Elduain-Berastegi) autobusei eragiten die.

Lanak Tolosana inguruan egiten ari diren etxebizitzengatik egin behar dituzte. 50 bat etxebizitza aurreikusi dituzte eta urbanizatze lanak egin behar dituzte. Lanek 1.055.423 euroko aurrekontua dute eta espaloiak zabalduko dituzte eta autobus geltokia eta beste hainbat elementu jarriko dituzte bertan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!