[GUTUNA] Hezkuntzan ere, Salatzen dugu

Uzturpe ikastolako 35 langile 2017ko eka. 29a, 11:07

Hezkuntzako profesional gisa gure helburu nagusia gure ikasleen ongizatea bermatzea da. Jakina da gurasoren bat kartzelan izateak ikaslearengan eragin nabaria duela, are gehiago kartzelan dagoen pertsona larriki gaixo baldin badago. Hori dela eta Manu Azkarateren eta ondorioz bere seme eta gure ikasle den Eguzki Azkarate Arratibelen egoerak salatu nahi ditugu.

Manu Azkaratek gibelaren inguruan dagoen porta zainean kabernoma (txarra ez den tumorazioa) bat du. Gaixotasun hori duten pertsonek odolaren zirkulazioarekin arazoak izaten dituzte. Odolak zailtasunak izaten ditu bihotzera bidean, kabernomak oztopo garrantzitsua baitira zeregin horretan. Arazoa areagotu egiten da, gainera, sabeletik behera dauden zainen kasuan; odolak presio izugarria duenez hipertentsioa sortzen da.

Oztopo horiek saihesteko, odolak beste zain batzuk zeharkatzen ditu bihotzera iristeko. Bidean barizeak sortzen dira eta hemorragiak izateko arriskua dago. Hala ere, arazorik larriena gaixoak biriketan enboliak izateko duen arriskua da. Bat-bateko heriotza eragin dezake enboliak.

Gaixotasunaren konponbiderik errazena kabernoma hori kentzea da. Manuren kasuan, ordea, ezinezkoa da. Batetik, oso toki txarrean dago kokatua tumorea. Bestetik, porta zaina oso zain garrantzitsua da, beraz, horren lana egingo lukeen zubi bat jartzea ezinezkoa da.

1992an espetxetik atera ondoren, konponbide gisa filtro bat jarri zitzaion porta zainean eta sabeleko zainetatik bihotzeraino zubia egin zioten. Hala ere, arriskua saihestezina da.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gogorarazten digun bezala, Osasunerako Eskubidea eta osasun asistentzia duin bat izateko eskubidea, pertsona guztien oinarrizko eskubidea da. Beraz, pertsona orok osasun asistentzia egoki baterako sarbidea izan behar du, eta tratu duin, justu eta humanoa jaso beharko du.

Gaixo dauden presoak, pertsonak izateagatik soilik, beraien osasun eskubidea aitortua eta errespetatua izan behar dute; tratu duin eta humanoa jasotzeko, eta osasun asistentzia egokia izateko eskubidea dute, preso egon arren.

Larriki gaixorik dauden presoen kasuan, Manu tarteko, beraien bizia arriskuan dago, oso larri daude, eta premiazkoa dute askatasuna ondorio larriagorik gerta ez dadin. Kartzelako berezko baldintzak oso gogorrak dira eta barruan ezin dute tratamendu egokirik jaso, horregatik lehenbailehen etxean behar dute.

Ikastolan irakasten dugun moduan giza eskubideak ideologia ororen gainetik daude, pertsona orori dagozkigu, baita kartzelan daudenei zein euren familiartekoei ere. Eta horiexek defendatzen jarraituko dugu larriki gaixorik dauden presoen askatasuna eskatuz eta bereziki Manuren askatasuna exijituz.

Uzturpe ikastolako 35 langile

Saioa Mendia Usabiaga, Nerea Ramos Belver, Iker Gibelalde Otermin, Iñaki Imaz Leunda, Itziar Urkola Guenaga, Manex Kortejerarena Ugarte, Agus Agirrezabala Zubillaga, Goyi Ceberio Artola, Iñigo Yurrita, Elixabete Nosells Zabalegi, Maria Isabel Arburua, aritxu Ezkurdia, Amaia Sarasola, Nekane Arrospide, Ainhoa Nazabal, Aloña Peñagarikano, Mikel Imaz Bengoetxea, Izaskun Lasa Arostegi, Mikel Congi Infantel, Ane Kortajarena Garmendia, Mireia Garaiburu Arzelus, Markox Gaztañaga Lakunza, Axun Bengoetxea Mujika, Ane Izagirre Arruabarrena, Maider Lopetegi Nieto, Maier Irazusta Agirre, Felix Aiestaran Arozena, Ainhoa Aginagalde Arsuaga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!