«Lan asko egin behar dugu emakumeen lana ikusarazteko»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko eka. 28a, 08:58

Aizpea Esnaola Ibarrako Udaleko Berdintasun teknikaria. REBEKA CALVO

Duela bi hilabete hasi zen Aizpea Esnaola Ibarrako Udalean Berdintasun teknikari bezala eta bere lana udalaren lehen Berdintasun Plana dinamizatzea izango da.

Oraindik «kokatzen» ari da Aizpea Esnaola (Orio, 1988). Iritsi berria da Ibarrako Udalera eta bere lana Berdintasun Plana oinarri hartuta herria parekideagoa izaten laguntzea izango da. Udaletxean aritzen diren langile guztiak ez ditu ezagutzen oraindik, ezta herriko eragileak ere, baina horretan ariko da datozen hilabeteetan, harremanak sortu, saretu eta emakumeen lana ikusarazteko asmoz. Udaletxeko bigarren solairuan egoten da astean hirutan eta herritarrek ekarpenak egin nahi badituzte hara jotzeko eskatu du.

Bi hilabete dira Ibarrako Berdintasun teknikari hasi zarela, zertan aritu zara orain arte?

Kokatzen, nire asmoa herriko eragileekin biltzea eta harremanak egitea da, saretzea, baina ez dut denborarik izan. Oraingoz Kaxkubi emakume taldearekin ari naiz, euren asmoen berri jaso eta kokatzen, zer egin daitekeen ikusteko. Oraingoz 2017 urte bukaerara arte egin beharreko lanak finkatzen ari naiz, batez ere ikasturte berriarekin batera horretan hasteko.

Eta zeintzuk dira urtea amaitu aurretik emango dituzuen pauso horiek?

Festen inguruan genero aldetik zerbait egitea da gure lehen asmoa. Gazte Festak pasa berri dira eta ez digu denborarik eman ezer egiteko, bai jarri dugula pankarta bat esanaz udalak ez dituela eraso sexistak onartzen, baina ez digu beste ezer egiteko denborarik eman. San Bartolome festetan feminismoaren eta indarkeria sexistaren inguruko informazioa emango duen informazio gune bat jarri nahi dugu, baina oraindik ez dugu ezer zehaztu. Horretaz gain datorren hilean zine forum bat egingo du udalak eta bertan genero ikuspegia txertatu nahi dugu.

Eta hortik aurrera udalean zentratu nahi dut; teknikari, zinegotzi eta langileei formakuntza eskainiz.

Nola ikusten duzu Ibarra generoari dagokionez?

Nahiko herri tradizionala dela esango nuke, inguruko herriak bezala. Hori iraultzeko Kaxkubi emakume taldea indartzea oso garrantzitsua da. Martxa hartzen ari dira eta gogotsu daude. Lan asko egin beharko dugu oraindik, emakumeen lana ikusarazteko, zaintza lanak iraultzeko... Festetan ere ez da kontuan hartzen oholtza gainera igotzen den emakumea eta horri buelta eman behar zaio.

Berdintasunaren Plana dinamizatzea da zure egitekoa, zeintzuk dira planaren ildo nagusiak?

Planak lau ardatz nagusi ditu; berdintasunerako gobernantza lortzea, balio-aldaketa eta emakumeen partaidetza soziopolitikoa sustatzea, herri hezitzailea eta zaintzailea egitea, eta indarkeria sexistarik gabeko herria sortzea.

Zein da hortaz, planaren helburu nagusia?

Bizi baldintzak hobetu nahi ditugu, emakumeen bizi baldintzak hobetzen badira, gizonenak ere hobetuko baitira. Parekidetasunean bizitzeak onurak besterik ez ditu, zapaldutako bat badago, ezin da onuragarria izan. Zorionez parekidetasunaren gaia geroz eta gehiago lantzen da.

Eta zein ekintzen bidez lortu nahi duzue hori?

Luzera begirako lana da eta horren barruan hainbat jarduera egingo dira, horien artean daude herritarrekin eta oro har, emakumeekin lan egiteko guneak sortzea, udalaren diru laguntzetan berdintasun irizpideak txertatzea, balio aldaketak sustatzeko programa bat sortzea edo jai parekideak sustatzeko herriko eragileekin prozesua abiatzea. Ekintza zehatzak egin behar dira, baina lehenik lan teoriko asko egin behar da, esaterako gobernantza aldetik Berdinbidean zerbitzuaken izena eman behar da.

Herrietako jaiak izango dira nagusi datozen hilabeteetan eta zoritxarrez sexu erasoak ematen dira. Zer egin dezake udalak horien aurrean?

Salatu egin behar da noski, eta baita herritarrak indarkeria sexistaren gainean sentsibilizatu. Horretarako kanpaina bat abiarazi nahi dugu, batez ere, Azaroaren 25era begira. Indarkeria sexistari aurre egiteko udalak dituen baliabideak aztertuko ditugu eta Beldur Barik programarekin harremanetan jarri, herrian txertatzeko aukerak aztertzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!