Unai Iribar, txapeldun

Ataria 2017ko ekainaren 21a

Unai Iribar ibartarra, Eibarren. TOLOSALDEKO ATARIA

Eibarren San Joan Saria irabazi du esprintean; garaipen horri esker, podium-ean, Gipuzkoako txapela ere jantzi du.

Pasa den asteburuan, Oriako-Limousin taldeko Unai Iribar ibartarrak beste txapela bat gehitu dio aurtengo denboraldian pilatutako garaipen multzoari.

Eibarren izan zen lasterketa, San Joan Sariaren 82. edizioa hain zuzen, eta bero itogarria izan arren, 104 txirrindularik parte hartu zuten proban. Bi mendate igaro ondoren (Kalbario eta Azkarate gainak), bederatzi partaideko taldetxoa iritsi zen helmugara, eta Iribarrek esprintean eskuratu zuen txapela. Gainera, Gipuzkoako Txapelketa ere proba horretan jokatzen zenez, Gipuzkoako txapeldunaren mailota jantzi zuen podiumean.

Hurrengo erronkan pistara itzuliko da Iribar, izan ere, hautatua izan da uztailean Portugalen jokatuko den Europako Txapelketarako. Kontinenteko onenen aurka lehiatzeko aukera izango du bertan, eta iazko emaitzak hobetzen saiatuko da ibartarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!