Polemika 'Gorriti eta bere animalien' ikuskizunean

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko eka. 9a, 10:00
Izaskungo jaietan egon zen Gorriti bere animaliekin

Izaskungo jaietan izan zen eta Tolosaldea Antiespezista taldearen eta Gorritiren artean ika-mika izan zen

Izaskungo jaiak izan ziren pasa den asteburuan eta antolatutako ekitaldien artean Gorriti eta bere animaliak ikuskizuna zegoen. Hesitutako gune batean hainbat animalia ateratzen ditu Joxe Mari Gorritiberea Gorritik eta haurrak euren atzetik edo aurretik ibili ohi dira, kasu batzuetan hauek harrapatuz. Izaskungo jaietara ere ohiko ikuskizuna eskaintzera joan zen Gorriti eta bere kide bat, eta ikuskizuna hasterakoan Tolosaldea Antiespezistako hiru kide azaldu ziren Gorriti ez, animaliak aske zioen pankarta jartzeko asmoz. Eta hor hasi zen ika-mika.

Pankarta zeramaten hiru lagunek han zegoen hesi batean jarri zuten pankarta, eta jaietako antolatzaileek kentzeko eskatu zieten. Tolosaldea Antiespezistako kideek salatu dutenez, «bertan zegoen harakin batek bortizki hautsi eta kendu» egin zien pankarta. «Gorritiko kideek baimenak eskatu zizkiguten pankarta jarri ahal izateko eta gutako kide batek eskubidea genuela esan zion. Bertan geunden hiru kideok errespetuz aritu ginen gure aldarrikapen publikoa egiten», esan dute. Baina «Gorriti taldekoek berriz, bertako aktibistak mehatxatzeaz gain, iraindu egin gintuzten», gaineratu dute.

Gorritik eta jaietako antolatzaileek berriz, diote pankarta kentzeko eskatu zietela eta kendu egin zutela, «besterik gabe». «10 urte dira ikuskizuna egiten dela jaietan eta behin ere ez da arazorik izan. Aurten eguraldi txarra egiten zuen eta karpan geundela zalantzan egon ginen egin edo ez. Azkenean bizpahiru zezentxo besterik ez zituela aterako hitzartu genuen, 30 minutuko kontua. Hasi baino lehen pankarta jartzen ari zirela eta, kentzeko eskatu genien, jaietan ez dugulako inongo pankartarik jartzen, eta kendu egin zuten, besterik gabe». «Eskandalurik» ez zutela nahi esan zieten antolatzaileek aktibistei.

Gorritik ere gauza bera esan du, «guk ez genion inori mehatxurik egin, hori ez jartzeko esan genien eta jartzeko baimena eskatu nien, hori esatean ihes egin zuten». «Nik baimen guztiak ditut, Gipuzkoako Foru Aldundiaren paperak ditut, animaliak maite ditut eta errespetuz tratatzen ditut. Han zeuden horiek protagonismoa besterik ez dute nahi», gaineratu du.

Jaietako antolatzaileek ere baimenen kontua aipatu nahi izan dute. «Gorritik Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako baimena bidali zigun eta dena legezkoa zela ikusi genuen. Guk dakigula Gorritiren ikuskizuna, gaur gaurkoz, legezkoa da». Antolatzaileak berriz ere bilduko dira jaien balorazioa egiteko eta seguru gaia mahai gainean izango dutela, «ez dugu arazorik nahi, jaietan ondo pasa nahi dugu, besterik ez».

Ez da lehen aldia Gorriti eta bere animaliak ikuskizunak hautsak arrotzen dituela. Hainbat taldek salatu izan dute. Iaz esaterako, Acción Para el Respeto Animal herri plataformak 59.000 sinadura bildu zituen debekua eskatuz eta Equo alderdi ekologistak ere emanaldiaren aurkako salaketa administratiboa jarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundian.

Tolosaldea Antiespezistako kideek esan dutenez, «gertakari hau eta gero, ikuskizun espezista eta beraien jarrera errepresiboa salatzen dugula jakinarazi nahi dugu. Animalia ez-gizakiak ez daude gure kontsumorako, ezta gu entretenitzeko ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!