Ibarrako Izaskun auzoan ere egun osoan bezain beste euri bota du gaur arratsaldean, eta giro nahasiarekin ekin diete 2017ko festei, trial erakustaldia hastearekin batera. Euria hasi baino lehen jarri dira martxan Irene Caminos, Ion Areitio eta Gorka Susperregi trial modalitatean aritzen diren gazteak, beraien abileziak erakutsiz.
Eta a zer nolako abileziak, gainera. Erakustaldi bikaina eskaini diete bertaratutako auzotar zein herritarrei. Elementu batetik bestera egindako jauziak, gurpil bakarrarekin egindakoak eta beste hainbat mugimendu eskaini dituzte, teknika eta kalitate handia dutela erakutsiz. Bakoitzak bere erakustaldia egin du lehenik, bertako belaze batean jarritako egurrezko enborren gainean, eta gero altuera jauzia egitera igaro dira. Marka Ion eta Gorkak ezarri dute metro bat eta hogeita hamar zentrimetrotako altuera igarota. "Munduko errekorra metro eta berrogeita lau zentimetrotan omen dago", aipatu du batek bertan. Gertu ibili dira hori gainditzeko.
Baina, geroz eta euri gehiago egiten hasi denean etorri da arratsaldeko unerik dibertigarriena. Jendearen kolaborazioa eskatu eta haur ugarik altxa dute eskua. Hauek, ondoren, lurrean etzanda jarri dituzte, aurrena bananduta, eta ondoren elkarren ondoan. Lehenik banaka abilezia handiz inguruan mugitzen hasi dira txirrindulariak, eta gero, haur zein heldu iladak jauzi batez igaro dituzte. Tartean, auzoko heldu batzuk ere sartu dituzte, esaterako, Izaskun jatetxeko jabea den Iñaki. Azkeneko jauzian gainera, hamabost pertsona jartzea lortu dute antolatzaileek. Askorentzat tentsio handiko uneak izan badira ere, amaieran, guztiak zeuden barrez eta pozik, baita hiru gonbidatuak ere.
Erakustaldiaren ondoren ere izan dute zertaz gozatu Izaskunera joan direnek. Izan ere, pintxo eta sagardo dastaketarekin hasi dira txirrindulariak amaitu bezain pronto. Bertan parte hartu duten sagardotegiak, ondorengoak izan dira: Adunako Aburuza eta Zabala, Andoaingo Gaztañaga, Zizurkilgo Intsalus eta Asteasuko Sarasola.
Hemen duzue datozen bi egunetarako prestatu dutena:
EGITARAUA:
Ekainak 4, igandea:
12:00. Herri-kirolak.
Aizkolariak: Arria V eta Iker Vicente.
Trontzalariak: Alazne Etxaburua-Xanti Aizpurua eta Igor Esnaola-Irati Astondoa.
14:30. Herri bazkaria. Ondoren, Julio Soto eta Iker Ibarluzea bertsolariak.
18:00. Gorriti eta bere animaliak. Ondoren, erromeria.
Ekainak 5, astelehena:
10:00. Diana.
11:00. Meza nagusia.
12:00. Hamaiketako herrikoia.
13:00. Bertso saioa: Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano.
17:30. Alurr dantza taldearen emanaldia. Jarraian, haurrentzako gozokiak.
18:30. Bertso saioa: Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano.
19:30. Erromeria Loatzo Musika Eskolako soinu jotzaileen eskutik, jaiei amaiera emateko.